Herriko pailazoen lan berriak

Txintxarri Aldizkaria 2013ko aza. 18a, 18:07

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots herriko pailazoek lan berria aurkeztu berri dituzte. Bizipoza da diska berriaren izena eta bertan aurki daiteke besteak beste Jalgunekoen pausoka-pausoka kanta.

"SENTITU, PENTSATU, EKIN!" pailazoen azken  DVDa kalean da. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsentzat berezia izan da aurreko ikasturtea, Lasarte-Oriako pailazo taldeak 25 urte bete zituen eta amona Josefinak 100. Anakleto ijitoa, Kintxo Barrilete, Tantaka Yotanka eta Poxpolin Marisorgin izan zituzten bidaide sudurgorriek Euskal Herrian barrena eskainitako emanaldietan.

Martxoan Tolosako Leidor antzokian grabatutako ikuskizuna jaso dute DVD berrian baita honako erreportajeak ere. "Zorionak, amona!":Amona Josefinak 100 urte bete ditu, eta festa egingo dugu baserrian lagunekin. 25 urtean oholtza gainean bizitako abenturen zertzeladak.

"Ametsen amesgaiztoa" Iparraldeko ikastolen historiaren eta egungo egoeraren erreportajea Amets Arzallusekin batera osatua. "Galiziako Irrien Lagunak" 2013ko apirilean Galiziara egindako bidaiaren kronika.

Elkartasuna ardatz

Aurtengoan, elkartasuna landuko dute pailazoek, "garai nahasiotan horixe ez baitago krisian". Ibilbide luzean elkarlana eta elkartasuna Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen ikur bilakatu dira. Duela lau urte Irrien Lagunak kluba aurkeztu zuten, eta aurten Bizipoza Auzolan Elkartea sortu dute. Gizarteko alor ezberdinetan lanean diharduten orotariko taldeak biltzen ditu bere baitan elkarte berri honek: familia eredu ezberdinetako elkarteak, ijito elkartea, minbizia duten haurren familiena, behar ezberdinak dituzten haurren familiena, laguntza txakurrena, gorrak, kirol egokitukoak…

Eibarren estreinatu zuten "Bizipoza" ikuskizun berria .Pailazoak irripidean barrena abiatzera doaz Panpoxa furgonetan. Txernobyldik datorkien laguna jasoko dute aireportuan. Marimotots Panpoxa martxan jartzen saiatu da, baina ezin: motorra puzkerka hasi da, ke

artean eztulka. Matxuratuta dago plazaren erdian. Arduratuta daude gure lagunak, aireportura nola iritsi ez dakitela. Plazan daudela, handik eta hemendik, laguntza ez zaie faltako, eta konturatuko dira bizkarra emanaz elkarri denok garela elbarri. Kantuan eta dantzan, bizipozez eta auzolanean, mundu berri bat dugu zain.

Hilabete eta erdi pasatxo igaro ditu pailazo taldeak Andoaingo Garate estudioan diskoa lantzen. Elkartasuna ardatz hartuta, Xabier Zabalaren gidaritzapean 20 abesti grabatu dituzte, erritmo eta kolore askotarikoak dituzten abestiak: kunbia, boleroa, roka... Hainbat eta hainbat musikari, bertsolari, sortzaile, kantari eta elkarteren partehartzeaz, "denen artean elkarlanean osatutako proiektua".

Abestiak harilkatuz, ipuintxoak doaz tartean, "Uxue Alberdiren idazkera goxo eta alaiaz". Aipatu behar da Lasarte-Oriako Jalgune elkarteak parte hartu duela diskan eta herrian dagoeneko hain ezaguna den euren pausoka-pausoka abestia grabatu dute pailazoekin batera.