Lasarte-Oriako PSE-EE ez dator bat Bildu eta EAJ-k Gipuzkoak Foru Aldundian onartu duen funts banaketarekin. Udal-inbertsioetarako 6.000.000 euro onartu dira eta Lasarte-Oriak 122.315 euro jasoko ditu.
Jesus Zaballos PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, "ez gatoz bat, udal-inbertsioak bultzatzeko erabili duten irizpidearekin, kopuruari dagokionez, ezta banaketa moduarekin ere".
Zaballosek aipatu duenez, Bildu eta EAJ-k herri txikienen aldeko banaketa egin dute eta handiak "zigortu" ditu. Adibide gisa, Aiak biztanleko 31 euro jasoko dituela jakitera eman du; Lasarte-Oriak, berriz, biztanleko 6,86 euro.Gainera, udal hauek udal-finantzaketa funtsaren onuradun ere direla gogoratu du.
Horregatik, toki-erregimeneko oinarriak arautzen dituen legearen arabera biztanleria kontuan hartu beharko litzatekeela uste du PSE-EEk, "Zenbat eta biztanle gehiago, gero eta zerbitzu gehiago eskaini behar baititu herri batek".
Era berean, bere atsekabea agertu du Foru Aldundian PSE-EEk aurkeztutako mozioa ez zelako aztertu, "honen bitartez Lasarte-Oriak 168.423 euro jasoko zituen".
Eta proposamen honetan, Foru Aldundiak bere gain hartu ez dituen zaharren egoitzek sortutako gastuak laguntzeko 2 milioi euro aurreikusten zirela ere aipatu du.
Euskotreneko soinuak
Bestalde, prentsa ohar bitartez, Lasarte-Oriako PSE-EEk jakin arazi du, Eusko Jaurlaritzak ez duela soinu neurketarik egingo Atsobakar auzoan.
Euskotreneko trenek Atsobakarreko bihurgunean sortzen duten soinuaz kexatzen dira bizilagunak eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuari Oregiri haien ezinegona jakinarazi zion.
Sailburuaren erantzuna "2012 urtean egindako neurketetatik ez da baldintzarik aldatu, beraz ez da neurketa berririk egin behar. Hala ere, herritarren kexak aztertu eta erantzuna bilatuko da" izan da.
PSE-EEri tamalgarria deritzo, legez behartua dagoelako bost urtean behin bakarrik neurketa horiek egitea eta galdera bat egiten diote sailburuari, "zer egin behar dute bizilagunek 2017 urtera arte?"