"En busca del fuego” pelikula izan zen 1986an, lehen Okendo zinema taldeak eskaini zuen lehenengo pelikula. Geroztik 25+2 urte igaro dira eta milaka film ikusi ahal izan dira Tedoso zinema, Manuel Lekuona kultur-etxeko areto zein, Okendo plazako pilotaleku edo plazan bertan. Okendo Zinema Taldeko Laura Nogueras eta Leire Garmendiarekin bildu gara taldeari eta ospakizunei buruz gehiago jakiteko. Laurak Okendo Zinema taldean hiru aro desberdin egon direla azaldu digu.
Hiru aroak
1986an hasi zen lehengoa. “Lehen Lasarten bi edo hiru zinema zeuden eta pixka bat ohitura horri jarraikiz, lagun talde batek pelikulak jarri nahi izan zituen, nolabait kalitatezkoak eta ez komertzialak. Garai hartako Kultura zinegotziarekin bildu ziren eta nolabait osteguneko saio hauek antolatu zituzten. Orduan Tedoso zen zinema eta haiek arduratzen ziren guztiaz, sal-tzen zituzten sarrerak, zinea txukundu, garbitu...,” aipatu dute.
Eta gogora ekarri dute, orduan ostegunerako zegoela zinema saioa, “garai horretan kultura mugimendua handia zegoen herrian eta jende asko joaten zen zinemara. Ostegunerako plana hori zen, bokata bat hartu eta zinera. Jende guztiak hori egiten zuen ikasten ari zirenek, lanean ari zirenek, gazteak... Urte askotan ekintza arrakastatsua izan zen,” azpimarratu dute.
Lehen fasea hori Tedoso itxi zenean amaitu zen.
1992an bigarren fasea hasi zen Manuel Lekuona kultur-etxea ireki zutenean, hain zuzen. “Urte askotan egondako jendeak utzi zuen, batzuk mantendu ziren eta berriak sartu ginen,” aipatu du Laurak.
Baina funtsean taldeak berdin lan egiten zuela azpimarratu du, “eskema mantendu, film zerrenda bat aukeratu eta udalari jakin arazi“. 2005. urtean taldeak zine emanaldiak antolatzeari utzi zion. “13 urte igaro ziren eta horietan gauza asko gertatzen da. Jendearen bizitza aldatzen da eta gainera, Udaletxetik arazotxo batzuk sortu ziren”. Orduan “zinemarik ez zegoela topatu eta arrazoiarengatik galdezka hasi ginen,” jakin arazi du Leirek.
“Batzuk oso nekatuak zeudela, Udalarekin ez zegoela akordiorik...Eta hasi ginen beste jende talde bat biltzen eta bilerak egiten. Ezinezkoa zela esaten ziguten, baina gu borrokatu genuen. Inkesta bat egin genuen herritarren artean, Azkenean bi urteren ondoren lortu genuen. Baina hamabostean behin egiteko proposatu ziguten eta pixkanaka, gaur egunera arte,” atxiki du. Eta ezin ahaztu udako saioak, “urte betez geratuak egon ziren. Okendo plazako lanengatik,” gogoratu du.
Kide eta ikusle ugari
Urte hauetan guztietan, Okendo zinema taldeak kide eta ikusle ugari izan ditu. “Okendo Zinema Taldearen ezaugarrietako bat izan da beti, jende desberdina batu duela. Talde irekia da. Nik ezagutu dut jende asko adin, pentsamolde desberdinetakoak, baina denok dugu zinea irizpide bezala,” azaldu du Laurak. Hala ere, ikusle kopurua murritza dela jakitera eman digute, “bataz bestekoa 20 edo 30 da. Pelikularen arabera edo gaiaren arabera, betetzen da. Esate baterako, Goya sariren bat jartzen dugunean jendea agertzen da, 200 pertsona erraz,” diote.
“Gazteak eramatea asko kostatzen da, batez ere, adin bateko jendea da etortzen dena. Gazteek internet dute. Sarrerak balioa du. Bonoekin edo internet bidez merkeagoa da, baina... ”, adierazi dute.
“Urtetik urtera ikusi beharko da taldea nora doan. Azkenean jendeak ere bere nondik norakoak, istorioak ditu.... Jende berria sartzen ez bada, bultzatzen duena zaila izango da irautea. Oraingoz, gogoz ari gara eta saiatuko gara hala jarraitzen. Gero gerokoak,” onartu dute.
25+2
Hau guztiaz gain, 25+2 urteurrenaren zergatia ere azaldu digute, “taldea 1988ko azaroaren 8an ofizializatu zen. Paperak begiratzen gure kideetako bat konturatu zen 25 urte betetzen genituela”.
“Kontsultatu eta zaharrek esan ziguten bi urte lehenagotik hasi zirela lanean. Horregatik gure ospakizunetan 25+2 diogu. Bi urte horiek ere ospatu nahi ditugu. Guztiaren sorrera izan ziren. Lagun talde horrek lan handia egin zuen eta nolabait lan hori aitortu nahi dugu”.
Egitaraua
Data berezi hori ospatzeko lau eguneko egitaraua antolatu du taldeak. Ostegunean, “Paris, Texas” filma eskainiko dute. “Okendotar askok ikusi gabeko pelikula da eta ikusteko gogoa genuen gutako askok,” azal-tzen dute. “Bere garaian pelikula oso esanguratsua izan zen eta estetika aldetik ere berezia da. Wim Wenders oso zuzendari ona da eta izena du Europan,” adierazi dute.
Ostiralean, berriz, laburmetrai saioa izango da Manuel Lekuona kultur-etxean. Honetan herriko beste taldeekin zerbait berezia egingo dutela aurreratu dute. Larunabatean, Zulon festa handia izango da, “glamourrez betetako” mozorro festa. Herri guztiari irekia izango dela azaldu dute eta honetan “Okendo Zinema taldeko garai desberdinetako jendea batu nahi dugu”.
Azkenik, igandean, gaztetxoentzat emanaldia berezia izango da. “Aurretik bi lagunek haien kale ikuskizuna eskainiko dute”. Hau guztiaz gain, sorpresa ugari iragarri dituzte eta aurrerapen moduan, “zinema zaleak garenez, guk ere film bat egin dugu eta ostiralean, estreinaldi mundiala izango da”. Azkenik, urteurren hau ospatzeko kamisetak salgai jarriko dituztela ere aurreratu dute “Okendo zinema taldeko kamisetek arrakasta izan zuten bere garaian eta aurten ere kamiseta berezi batzuk egingo ditugu”.