"Herrian lanean jarraituko dugu"

maider-azurmendi 2013ko azaroaren 18a

Maider Izagirre, Peio Lizarraga, Joxe Goikoetxea eta Tomas Arruti Xirimiriko bazkideekin hitz egin dugu Madrilen burutzen ari den Herriko Tabernen epaiketaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko. Lasarte-Oriako Xirimiri elkartea dago epaitzen ari diren 110 herrikoen artean.

adrilen burutzen ari den epaiketara Joxe Goikoetxea herritarra, Xirimiri elkarteko lehendakaria, arduradun zibil bezala joan behar da. Hurrengo saioetara bi lekuko eraman beharko ditu horietako bat Peio Lizarraga, duela 11 urte, Garzonek sumarioa zabaldu zuenean, elkarteko diruzaina zena. Herritarrengandik jasotako babesa azpimarra-tzen dute momentu zail honetan. Izan ere, Xirimiriren biziraupena airean dago, epaiaren gastu altuei aurre egin behar dielako besteak beste.

Ez dakitenentzat, zer ari dira epaitzen Madrilen?
35/02 sumarioaren epaiketa da, Herriko Tabernen auzia. Garzon epaileak duela 11 urte irekitako sumarioa da. 2002ko maiatzaren 2an elkartea ixteko agindua eman zuen epaileak eta kontuak blokeatu zituen. Elkartea berehala martxan jarri zen arren, orain iritsi da erabaki hura epaitzeko garaia. Urrian hasi zen epaiketa. Kopuru batzuk aipatu arren, 110 Herriko taberna edota elkarte gaude epaituak eta 34 inputatu. 40 abokatu baino gehiago daude lanean eta epaiketa honek eragindako gastuak milioi bat eurora irits daitezke. Elkarte guztien desjabetzea bilatzen dute. Gure kasuan ez dago pertsona inputaturik baina egoera horretan dauden 34 lagunei 6 eta 10 urte arteko espetxe zigorra eror dakieke.

Hiru epaile, bi fiskal... epaiketa izugarria da, lehenengo egunean ez ginen ia aretoan sartzen. 

Xirimiri zertaz dago akusatua?
Gainontzeko herriko tabernak bezala, talde armatuarekin kolaboratzeaz akusatzen zaigu. Hain zuzen elkarteak ETA diruz lagundu zuela diote. Guztiz irreala da. Gure kontuak begiratzea besterik ez dago. Bi mailegu eskatu genituen bere garaian elkartearen gastuei aurre egiteko, 100 bazkide inguru gara eta beti nahiko kuota altua ordaindu behar izan dugu ozta-ozta kreditu horiei aurre egiteko ...
Xirimirik 25 urte hauetan lan asko egin du euskara, kultura, kirolaren alde besteak beste. Ekintza asko sustatu ditugu eta elkartea beti irekita egon da herriko gainontzeko elkarte zein taldeei. 

Nola joan dira epaiketako lehenengo saioak?
Lehenengoan esan bezala ia ez ginen sartzen aretoan tartean Askabide elkartea zegoen eta hau libre geratu zen emakumeekin lan egiten duen elkartea delako. Bigarrenean ez deklaratzea eskatu genuen fiskalak bakoitzarentzat 40 galdera prestatuta zituelako. Bi epailek onartu zuten gure eskaera eta besteak onartu ditu fiskalaren 40 galderak beraz hurrengoan ez dakit zer egingo dugun. 
Epaiketa politiko bat da eta hau salatu nahi izan genuen herriko beste elkarte batzuekin egindako agerraldian. Hain zuzen bere izaeragatik ez dugu konfiantza handirik, ez dugu berme juridikorik ikusten. Bizi dugun testuinguru politikoan ere horrelako epaiketa bat zen-tzugabekeria bat da. Hala ere, helburu politikoak dituen epaiketa izaki zigorrak egongo direla uste dugu.

Zein zigor eta nori eroriko litzaioke?
Gure kasuan ni naiz, Joxe, arduradun zibila. Horrek esan nahi du zigorra ez dela nire gain eroriko baizik eta elkartea desjabetuko litzaiguke eta ezarritako isuna ordaintzera behartuta egongo ginateke. Isun horren kopurua oso altua izan daiteke. Hala ere, ez dakigu ziur ere hori izango den zigorra beste aukera batzuk ere badaude.

Hala ere, aipatu behar da epaiketak berak nahikoa gastu ari dela sortzen eta horiei aurre egiteko kontu zenbaki bat zabaldu dugu Euskadiko Kutxan. Zenbakia 303536140360084975 da eta Xirimirirena da, izan ere beste elkartasun kontu bat dago makro epaiketaren gastu guztiei aurre egiteko. 

Hurrengo hitzordua zein duzue?
Azaroaren 25ean goaz eta bi lekuko eraman behar ditugu. Horietako bat Peio. Elkarteko diruzaina zen Garzonek duela 11 urte sumarioa ireki zuenean eta elkarteko kontuetan bere izena azaltzen da. 
Ez da txantxetakoa bizi-tzen ari garena. Pertsonalki zure burua epaiketan ikustea herrian lan egin duen elkarte bateko kide izateagatik. Kezka handiarekin gaude baina baita haserre ere, arriskuan ikusten dugulako Xirimiri elkartearen biziraupena. Zigorragatik edota isunak ordaintzeko beharko den diruak agian berdin-berdin behartuko gaitu ateak ixtea. Honi gehitu behar zaio elkartean lan egiten duten bi langileek euren lana galduko luketela ere.  Sentimendu nahasiak dira, gogoa daukagu gauza berriak egin eta lanean jarraitzeko.

Lasarte-Oriako beste elkarte eta herritarrek atxikimendua eman dizuete. 
Bai, lehenik eta behin eskertzekoa da gurekin izan duten jarrera. Hainbat elkarte eta eragilerekin elkartzen joan ginen epaiketaren inguruan informatu eta lehenengo, egindako agerraldian ikusi zen bezala, epaiketa bera salatzeko. Hainbat izan ziren orduan lortutako atxikipenak. Hala ere, harremanetan jarraitzen dugu hauekin eta babesa handia nabaritzen dugula esan behar da baita orokorrean herritar askorengandik. Jendeak ez zuen sinesten Xirimiriren egoera zein zen azaltzean. Udaletxean ere mozioa aurkeztu genuen eta aurrera atera zen Bildu eta EAJren aldeko bozak  izan zituen, LOHP eta adskribitu gabeko zinegotziaren abstentzioa eta PP eta PSE-EE kontra azaldu ziren.

Datorren urtean Xirimirik 25 urte beteko ditu...
Bai eta urteurrena behar bezala ospatzeko asmoarekin jarraitzen dugu. Maiatzean egitekoak gara ekimen garrantzitsuena baina ziurrenik ekintza egitarau bat antolatuko dugu eta noski herritarrek hauetan parte hartzea gustatuko litzaiguke. Epaia suposatzen dugu martxoa inguruan aterako dela. Hala ere, asko atzera-tzen ari da dena eta agian gehiago luzatzen da. Egoitza eduki ala ez 25 urteurrena ospatuko dugu, lanean jarrai-tzeko asmoa dugu oztopo guztien gainetik. Herriko eragile bat da Xirimiri eta hala izaten jarraitu behar du. Ezin da epaile batek ebazten duelako urte guzti hauetako ibilbidea eta lana eten.

Aipatu behar da makro-epaiketarekin elkartasuna adierazteko krosa antolatu dela Donostian abenduaren 14an eta parte hartzera animatzen ditugu herritarrak ere.