Dena den, ez zioten gaizki ekin partidari. Aurkariaren zelaian baloia borrokatu eta norgehiagokaren erantzukizuna Beltzakek hartu zuen lehen minutuetan. 10. minuturako Andoni Amonarrizek lehen entsegua egin zuen. Partida luzea zuten aurretik ordea.
Errioxarrek erreakzionatu eta urrats bat egin zuten aurrera. Entsegu bat eta bi zigor kolpe gauzatuta, 11-5ekoa jarri zuten markagailuan. Jose Mari Nuñez eta Juantxo Prietoren oihuak etengabeak ziren jokalariei akatsak zuzendu eta motibazioz jarrai zezaten.
Presio horrek fruituak eman zituen, Xalbatek entsegua egin eta 11-12koa jarri zuen markagailuan. Bi taldeen artean zegoen berdintasuna argi eta garbi islatzen zuen emaitzak.
Beltzakekoek gogoz presionatu zuten eta euren 22ko lerroan jokatzen saiatu ziren. Aimar Mitxelenaren bakarkako saiakera baten ostean baloia galdu zuten lasarteoriatarrek, baina Errioxako jokalari bat bere entsegu marratik baloiari ostikada ematen saiatu, Xabier Rekondok blokeatu eta entsegua egin zuen Beltzakentzat atsedenaldira 11-17ko emaitzarekin joateko.
Bi taldeek hainbat aldaketa egin zituzten bigarren zatian eta Errioxarrek euren jokoa eta presioa hobetuz, entsegua lortu zuten bigarren zatiko 8. minutuan. 18-17 zioen markagailuak
Beltzakeko mutilek adorez egin zuten borroka, baina defentsako huts bat tarteko, entsegua egin zieten, 23-17 jartzeko.
Zalantzazko jokaldi bat izan zen 30-17koa bideratu zuena. Errioxarrek falta argi xamarra egin zuten eta lasarteoriatarrak falta protestatzen ari zirela, Errioxarrek partidako azken entsegua egin zuten, neurketa erabakita utziz.
Hirugarren denboran giro ona izan zen nagusi, Errioxara joaten direnetan eduki ohi bezala, baina tristura punttu bat bazuten Beltzakeko jokalariek. Partida irabazi zezaketenaren penatan, aho zapore garratzarekin egin zituzten itzulerako kilometroak.