Jon beldurraren bila

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 16a

Aitak etsi du. Ezin dio Jon gajoari beldurra zer den azaldu. Frankesteinena eta bestelako istorio beldurgarriak kontatuta ere, ezin du Jon izutu, iluntasunak eta sustoek ere ez dute Jon kikiltzen. Hortaz, haren bila abiatzeko aholkatzen dio txikitxoari. Alde egin dezan nahi du, bere kabuz beldurra zer den ikusi dezan.

Bidean sorginak, mamuak, piratak, banpiroak, erraldoiak... denetik aurkitzen du eta ezertxok ere ez du izutzen. Finean irakaspen bat utzi nahi izan dute gaurko obrarekin, beldurra zer den ez dakienak adorea ere ez duela sekula ezagutuko. Umorea oinarri hartuta, herriko gaztetxoenei mezu hori barneratzen saiatu dira ilunabarrean Manuel Lekuonan. Txalo konpainiako Alfonso Diez eta Aitor Fernandino aktoreak izan dira protagonista "Jon Beldurgabea" antzerkian. Aitor Fernandino herriko aktoreak egin ditu Jonen argitsuaren lanak. Alfonso Diezek gainerako pertsonaia guztiak interpretatu ditu. Zuri beltza nagusi zuen atzekaldean txotxongiloak ikusteko aukera ere izan da Grimm anaien liburu ospetsutik abiatuta egindako obran. Normalean baino ikusle gehiago hurbildu dira kultur-etxera. Bertaratu diren herritarrek arratsalde pasa polita egin dute eta irakaspen bat edo beste jasota alde egingo zuen batek baino gehiagok etxera.