Texas Lasartearra ez dago momentu gozoenean. Berriki Ostadarren aurkako derbia galduta, asteburu honetan ere porrotaren garratza dastatzea egokitu zaie.
Eas 08ren aurka Michelinen jokatutako partida 1-4 galdu zuten txuri-urdinek. Gol guztiak lehen zatian sartu zituzten. Azpimarratzekoa izan zen partidari eman zioten hasiera pattala.
Norgehiagoka hasi orduko bi gol atzetik zen Texas. Lehen zatiko 25. minutuan ordea, Javi Torresen zuzeneko falta jaurtiketa baten bidez aldea laburtu eta 1-2 ipini zuten markagailuan.
Handik aurrera partidaren erritmoa Eas 08k eraman zuen eta beste bi gol sartu zizkion etxeko taldeari. Ia zentzu guztietan hobeak izan ziren larunbateko partidan.
Bigarren zatian hobeto jokatu zuten arren, Texaseko jokalariek ezin izan zuen markagailua irauli.
"Fisikoki asko daukagu hobetzeko, abiaduraren alorrean gehienbat. Taktikoki ere hutsak egin ditugu eta gure bizkarretik abaguneak sortzeko erabili dituzte aurkariek. Dena den, hurrengo astean Herrerako Asoleus jasoko dugu Michelinen eta beste itxura bat ematen saiatuko gara, puntuak behar ditugu eta", adierazi zuen Alain Noriega prestatzaileetako batek. Entrenatzaile lanetan Txema Encinas aritzen da.
Reala, aurkari handiegia
Reala ahalguztidunaren bisita jaso zuen Ostadarreko infantil txiki taldeak larunbat goizean Michelinen.
Emaitzak dena esaten du, 0-6 irabazi zien Gipuzkoa mailako selekzio moduko bat den Realak.
Baloiaren atzetik korrika egitea tokatu zitzaien batez ere Ostadarreko gaztetxoei. Aukera gutxi sortu zituzten, baina behintzat borroka gogotik egin eta bigarren zatian lehen erdian bainao itxura txukunagoa eman zuten.
Izan ere, atsedenaldira 0-5eko emaitzarekin joan ziren. Baina atsedenaldian Joxe Pikabea eta Mikel Aristondo entrenatzaileak euren mutilak motibatzen saiatu ziren, eta baita lortu ere.
Bigarren zatian gol bakarra sartu zien Realak, eta donostiarren oldarraldiari eusteko gai izan ziren, ez da gutxi.
Pozik ziren Pikabea eta Aristondo prestatzaileak partida amaituta: "Bagenekien norgehiagoka honetan sufritzea tokatuko zitzaigula, baloiaren atzetik korrika egin beharko genuela, baina harro gaude gure mutilek egindako lanarekin, horrela jarraitu behar dugu lanean eta hurrengo astean Beasainen zelaian beste aukera bat izango dugu".