Real Sociedad Fundazioa eta Irrien Lagunak Gizartegintzak zenbait hilabete eman dituzte elkarlanean, hain zuzen pasa den ekainean ospatutako Real Sociedad Fundazioaren Egunetik. Elkarlana akordio batean jaso dute eta honetan hainbat ekimen bultzatuko dituztela adostu dute. Lehen ekimenetako bat “Itsaso Txuri-Urdina” kanta izan da, Anoetako bideo markagailuan ikusi eta entzun ahal izan zen Osasunaren aurkako partidaren atarian aurrenekoz.
“Itsaso Txuri-Urdina” lehen taldeko jokalariek eta nesken taldeko ordezkaritza batek abesten dute, eta baita beste artista ezagun batzuk ere, Amets Arzallus bertsolaria, Aiora Zulaika (Pirritx) eta Orfeoi Txikia, besteak beste.
Abestiaren CD-a gaurtik dago salgai Anoetako tabernetan eta Realeko bi denda ofizialetan. Ekimena ostiralean aurkeztu zuten eta bertan izan ziren herriko Jalgune elkarteko kideak ere. Koroak egiten lagundu dute gazteek kanta honetan.