"4x4 operazioa" liburua aurkeztu du Xabier Amurizak Villa Mirentxun. Bertan Lankuko Joxe Mari Altuna eta Pablo Barrio alkatea izan ditu mahaikide. Barriok bereziki eskertu dio Lasarte-Orian liburua aurkeztu izana "ohore bat da Xabierrek liburua hemen aurkeztea, izan ere, Lasarte-Oria zirkuitu literarioetatik at geratzen delako".
Barriok aitortu du alkate lanetan hasi zenetik "irakurketarako bizioa" utzita duela eta oraindik ez duela astirik izan patxadaz Amurizaren azken lan hau irakurtzeko tartea hartu. Hala ere, azpimarratu nahi izan du Amurizaren lanak "memoria kolektiboa jasotzen du, gure historiaren garai garrantzitsu bat".
Laugarren liburua
"Joan ziren" zikloan laugarren liburukia da "4x4operazioa". Honetan historia kolektibo bat kontatzen da, "aurrekoan gehiago zen historia pertsonala"; hirurogeiko hamarkadaren azken urteetako "konbultsioa" jaso nahi izan du idazleak, Gogor izeneko apaiz mugimendua bereziki. Hauen ekintza entzutetsuena Derioko seminarioan egindako itxialdia izan zen, honetan Bizkaiko 70 apaiz gaztek parte hartu zuten eta ia hilabetez luzatu zen poliziaz inguraturik. "Ekintza haren inguruan islatzen da hamarkada hartako olatuak nolako iraulia eragin zuen Euskal Herrian, diktaduraren garairik gordinenetako batean".
Amurizaren hitzetan benetako gertakari horren eta beste batzuen gainean, fikziozkoak diren historiak garatu ditu. Liburuan erabilitako idazkerari eman dio garrantzia honetan eta agian beste lanetan dagoen hizkuntzarekin alderatuta, modu sinpleago batean idatzi duela esan du.
Liburuaren hainbat pasarte irakurri ditu Amurizak adibide gisa eta bertaratutakoen txaloak ere jaso ditu. Izan ere, liburuarekin hitzaldiak egingo ditu idazleak eta hauek pasarteen irakurketa berezian oinarrituko dira. Dagoeneko hitzartuta ditu hitzaldiak Bilbon, Arrasaten, Eibarren eta Larrabetzun besteak beste.
Dagoeneko liburua ohiko liburu denda eta lanku.com-en eskuragarri dago.