Araba, Bizkaia, Zaragoza, Huelva, Sahara, Nikaragua edo Txina. Hauek dira gure herrian bizi diren herritarretako batzuen jatorria eta guztiek haien bizipenak azaltzeko aukera izan dute gaur arratsaldean egin den kultura arteko topaketan.
Udalak antolatutako ekimen honetan Lasarte-Oriako herritarren elkar ezagutzea sustatu nahi izan du.
Solasaldi modura, zortzi herritarrek haien burua aurkeztu eta Lasarte-Orian bizitzearen arrazoia azaldu du.
Haien azalpenetan hainbat gai jorratu dituzte, kultura txokea, zailtasuna, harreman sarea edo hizkuntza zailtasunak... Guztiek haien ekarpenak egin dituzte Maite Higuero Gizarte Zerbitzuetako teknikariaren gidaritzapean.
Amaieran, Udalbatzar aretora hurbildu diren herritarrek ere haien esperientzia eskaintzeko aukera ere izan dute.
Kultur desberdinetako lasarteoriatarrak elkar ezagutzeko aukera paregabea izan da, beraz, gaurkoa.
Lanketa sakona
Duela hilabete batzuk, Lasarte-Oriako Udalak ikerketa kualitatibo bat burutu zuen eta bertan lasarteoriatarrok aniztasun kulturalaren inguruan lanean aritzeko dugun beharra egiaztatu zen.
Orain dela hilabete, aniztasun kulturalari buruzko gaiez hitz egiteko Worldkafe bat antolatu zen Okendo plazan. Honetan, kultura, migrazioak edo kulturartekotasuna bezalako gaiei buruz mintzatu zen. Iritziak elkarbanatu ziren eta jatorri desberdinetako jendearen artean elkar ezagutzeko nahiz gure udalerriko kultura bakoitzak bizi duen egoera ulertzeko beharra jaso zen.
Horregatik, hainbat ekimen antolatu dira elkar ezagutza bideratzeko, hala nola, hilabete hauetan zehar egin diren bilerak edo abenduan izango den kultur aniztasun jaialdia.