PSE-EEk astelehenean publiko egin zuen Bizikidetza plana uztearen erabakia. Honen harira udal gobernuak adierazpena egin du sozialisten erabakia albiste txarra dela iritzita. Horretaz gain, Lasarte-Oriako herritarrek oraindik lan honen berri ez zutela damutu du.
"Badira bi urte Aieteko adierazpena burutu zenetik eta herri honetako sentsibilitate guztiekiko errespetuzkoa eta iraunkorra izango den bakea lortzeko lehen harriak jartzen hasi zirela.
Tokian tokiko mailan, instituzioei dagokigun arduraren eta baita ere gure Udalerriak historikoki jasan dituen gatazkaren ondorioen jakitun, Lasarte-Oriako Udala gure herriarentzako beharrezkoa ikusten dugun bizikidetza proiektu baten inguruan lanean hasi zen aurten.
Urte askotako zauriak ez dira egun bakar batean sendatzen. Horregatik badakigu lan hau epe luzekoa izango dela, elkarrenganako konfiantzatik eta gainontzekoen ikuspuntuen ulermenetik abiatu beharrekoa. Lan serio bat, batez ere sentsibilitatea gailendu behar dena, non emozioek nahiz informazioak zentzu guztietako jario izango duena eta guztiok alde bakoitzaren esanak jaso eta hausnartuko dituguna. Izatez oinarrizko zera: elkar entzuteko, gainontzekoen egiak entzun ahal izateko mekanismoak sortzeko gai izan behar gara, ez ados egoteko helburuarekin baizik eta elkar errespetatzeko.
Eta garbi daukagu lan horretarako lasterbideek ez dutela balio. Oraindik errazago: ez dago lasterbiderik. Jendarte osoa lan horren parte sentitu behar gara, guztiok, ezin du inork kanpoan gelditu; puzzle horretan ez dago piezarik soberan.
Horregatik orain artean Udaletxean egin dugun sukaldeko lan guztia Udalean ordezkaturik dauden talde guztiekin elkarbanatua eta adostua izan da denbora oro. Horretarako, zintzotasunetik eta borondate onarekin nahiz diskrezioz egunerokotasunean tentatzen gaituzten joko politikoak gainditu behar ditugu.
Beraz, sentitzen dugu albiste hau argitaratu izana. Ez bakarrik Udal gobernu taldeari nahiz gainontzeko talde politikoei ezer esan gabe egin delako baizik eta ekimen hau oraindik ez zelako publiko ezta egin.
Albiste txarra dela pentsatzen dugu, baina gertakari honek ez digu gure herria geroz eta batuago egon dadin egiten ari garen bidean atzera pausorik emanaraziko. Beraz, horregatik, bidean egin ditugun akatsen inguruan guztiok hausnartu behar dugula irizten dugu, baita autokritika bat egin ere, eta lanean jarraitzeko konfiantza berreskuratzen saiatu, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntza garai hauetan beharrezko maila emateko."