Bi proba hauetan Xuban Errazkin eta Mikel Martinez jubenilak eta Iñigo Altuna kadetea izan ziren lehian.
Jubenil mailan, Xuban Errazkinek Medina de Pomarreko txapelketan bigarren postua eskuratu zuen. Jubenilek 5 buelta eman behar izan zieten ibilbideari eta Diego Pablo Sevilla madrildarra izan zen garaile. Imanol Martinez, berriz, hogeitaseigarren izan zen.
Iñaki Altuna kadeteen prestatzaileak azaldu digunez, irabazlea Espainiako txapelduna da eta maila profesionalean ari da lehiatzen. Beraz, zaila zen Xubanek hau menperatzea. Hala ere, bigarren postua lortzeko lan egin behar zuela aipatu digu.
Villarcayoko proban, berriz, Xubanek ez zuen zorte onik izan. Hirugarren postuaren lehian, "matxura bat izan zuen, gurpileko tubular bat puskatu zitzaion eta 26. postuan amaitu zuen". Era honetara, Burgoseko Diputazio sariko sailkapen orokorrean 11. postuan amaitu zuen.
Altuna ere ongi
Kadete mailari dagokionez, Iñigo Altuna izan zen bi probetan lehiatzen. Medina de Pomarreko proban ibilbideari lau buelta eman ostean, 4. postuan iritsi zen helmugara eta Villarcayo-ko proban berriz, 10. postua eskuratu zuen. Honela, sariko sailkapen orokorrean 6. postuan amaitu zuen.
Asteburu honetan ere ez dute atsedenik izango, Luis Sobejano, Xuban Errazkin eta Imanol Martinez jubenilak eta Iñigo Altuna kadetea Karrantzako ziklo-kros proban parte hartuko baitute.