Elkarlanean prestatutako ordenantza fiskalak

maider-azurmendi 2013ko urriaren 24a

2014rako ordenantza fiskalen zirriborroa Ogasun batzordeak aurkeztu die dagoeneko gainontzeko alderdiei. Zirriborro honetan jasotako puntu nagusiak aurkezteko agerraldia egin du Estitxu Alkortak. Honen esanetan berrikuntza nagusia arlo desberdinetako udal ordezkariekin zirriborroa egiteko egindako elkarlana izan da. Hirugarren urtez KPIa soilik igoko da udal tasa eta zergetan.

Hirugarren urtez erabaki da KPIaren %1,2 baino ez direla igoko udal zerga eta tasak. IBI-aren kasuan desberdina da "Aldundiak balore katastrala ezartzen du urtero eta horri gehitu izan zaio udalak igotzeko adosten zuena, iaztik muga KPIaren %1,2 hori ez gainditzea izan da".

Aurtengo berrikuntza zirriborro hau egiteko duela bost hilabete "parte hartze prozesu bat jarri genuen martxan lehenengo aldiz udaleko arlo ezberdinetako teknikariak elkartuz". Elkarlan honetatik atera da zirriborroa eta "alde teknikotik gehiengoaren babesa duten ordenantzak dira". Lan ona egin dela irizten du Alkortak eta oso pozik azaldu da lortutako zirriborroarekin. "Denentzako marko bat sortu dugu". Oinarrizko bi esparrutan gertatu da hau.

Batetik, salbuespen eta hobari ordenantza berria landu da. Orain arte arlo bakoitzak "erabakitzen zuen zein irizpideren arabera salbuespen edo hobariak egin", orain arlo guztiek berdinak dituzte. Gizarte-bazterketa arriskuan dauden familiek udal zerga eta tasak ordaintzetik salbuetsiak egon ahal izango dira, edo hobaria izango dute %25, %50 edo %75. Familia hauen egoera aztertu eta baloratzeko ardura Gizarte Zerbitzuek izango dute beti.

Bestalde udal instalazioak erabiltzeko prezio publiko bateratuak ezarri dira lehenengo aldiz. Prezio sistema bat ezarri da Udaletxe berriko gelak, Manuel Lekuonakoak, Villa Mirentxu eta Gaztelekukoak alokatzeko. Horretaz gain ekitaldiaren ezaugarri eta eskatzen duen erakundearen arabera hainbat salbuespen jarri dira eta doakoa izango da erabilera hori zenbait kasuetan. Horrela herriko taldeek udal instalazioak erabilpen publikorako eskatzen badituzte, ez dute alokairurik ordaindu beharko.

Azkenik, ostalariekin egindako bileren ondorioz eurek egiten zuten eskaerari erantzunda "terrazak jartzeko urteko tasa bat jarri da %20 murriztua". Hala ere, mantentzen dira hiruhilabeteko tasa eta udan hilabetekakoa ordaintzearen aukera.

Orain emendakinak aurkezteko epea zabaldu dela adierazi du Alkortak eta espero du ez ohiko udalbatzarrean, azaroaren lehenengo astean zirriborro hau onartzea.