Kolore urdin-beltzeko derbia

jon-altuna-egitegi 2013ko urriaren 26a

Gau-gaurkoz Ostadarrek erakutsi du Texasek baino talde hobea duela erregionaletako 1. mailan. Dena den, futbol gutxiko partida izan da, gol askokoa, baina eskasa jokoari dagokionez. Jende izan da neurketa ikusten, asko eta asko biharko kroserako dortsalen bila hurbildu dira Michelinera eta bide batez derbia ikusten geratu dira.

Partida hasi bezain pronto hartu dute aurrea markagailuan urdin-beltzek. Texaseko Andres atezainak egindako hutsa tarteko, Unai Ituartek aurretik jarri du Ostadar 5. minuturako.

Ordu laurdena bete eta pixka batera jokaldi nahasia izan da Texasen arean. Unai Ituarte Ostadarreko aurrelariak barnekaldi azkarra gauzatu du eskuin hegaletik eta Texaseko defentsak penalti argia egin badio ere, baloia area ertzean zegoen Kevini iritsi eta area kanpotik emandako zartakoaren bitartez bigarrena egin du Ostadarrentzat.

Texasekoen erreakzioa berehalakoa izan da. Bi minutu eskas geroxeago, Anselmok gola egin du Euskaldunatik datorren Eneko atezain debutariari buruz burukoan izkin egin ostean.

22. minutuan, Kevinek baloia eskuadran ipini du, area ertzeko falta bat aprobetxatuz. Ezker hanka horretan badago nonbait kalitatea.

Ordu erdia betetzear zela, Ostadarreko atzelariek penalti argia egin diote Anselmori, baina epaileak ez du ikusi eta jokoa jarraitzen utzi du. Anselmok ez du gehiegi protestatu aurretik txartel horia bazuelako.

Erritmo hautsia zuen partidak, noizean behin jokaldi politak ikusi dira batez ere Ostadarren eskuin hegaletik eta Texasekoenak ezker-hegaletik, Sergioren bitartez. Aipatzekoa izan da Texasekoen gol aukera ia guztiak antzutu dituen Eneko atezain fitxatu berriaren lana.

Ander Zulaikak utzi du partida erabakita 35. minutuan, Ostadarren laugarrena sartu du area kanpotik baloiari behe-behetik jo ostean.

Emaitzak besterik badio ere, lehen zatia irekia izan da, orekatua, aukerak area batean eta besteak sortzen zituztelako jokalariek, baina joko ona eta kalitatea erakutsita baino, arerioaren hutsak probestuta sortzen zituzten abaguneak.

Bigarren zatia nahikoa tristea izan da, ia futbolik gabea. Minutuek aurrera egin ahal bi taldeen maila fisikoak nabarmenki egin du behera. 

Jon Gonzalezek 20. minutuan ahoko zuloan huts egin badu ere, hurrengo jokaldian Ostadarreko atzelarien sakoneko pase bat aprobetxatuta, taldearen bosgarren gola egin du Andresen buru gainetik baloia maisutasunez loratuta.

Texas erreakzionatzen saiatu den arren eta aukera bat edo beste sortu badu ere, egur handi samarra jaso du gaurko derbian. Gaur gaurkoz, Ostadarrek talde hobea du, baina jokoan hobetzeko gauza asko dituzte bi taldeek.