Mitxel Turrientes eta Txurdi Rezabal herrian

Txintxarri Aldizkaria 2013ko aza. 15a, 12:18

Bart gaueko 22:00etan atera ziren Mitxel Turrientes eta Txurdi Rezabal espetxetik. Biek 27 urte egin dituzte kartzelan eta dagoneko Turrientesen kasuan, herrian da. Txurdik lagun eta senideekin gaua bidean pasa du eta gaurko egunean iritsiko da Lasarte-Oriara.

Herriko bi euskal preso geratu ziren atzo libre Estrasburgoko epaiaren ondorioz. Mitxel Turrientes eta Txurdi Rezabalek 27 urte egin dituzte espetxean, lehenengoak Herrera de la Mantxan, Ciudad Realen egin ditu urte guztiak eta Txurdi Rezabal berriz, Lugoko Monteroxotik atera zen.

Txurdiren lagunek adierazi moduan, 22:15etan atera zen Rezabal espetxetik. Kanpoan lagunak eta prentsa zeuden zain. Senideak barrura sartzen utzi zituzten. Urduritasuna izan zen nagusi laguna espetxetik ateratzen ikusi zuten arte. "Sei lagun joan ginen eta ez genekien ziur noiz aterako zen beraz urduritasunarekin bizi genituen ordu horiek". Ateratzerakoan momentu hunkigarriak bizi zituzten "negarra, besarkadak, parrak denetarik". Aipagarria da espetxe kanpoan ez zutela arazorik izan "beste preso batzuengana biktimak eta joan direla entzun dugu baina gurean dena normaltasunez joan zen".  Txurdi "pozik ikusi dugu eta hainbat gauzekin dagoeneko harrituta".

Berandu zela iritzita, bidean lo egitea erabaki zuten. "Afaltzeko garaian konturatu ginen labanari begira geratzen zela. Berarentzat guretzako arrunta dena ez da, plastikozkoak erabili ditu 27 urtetan eta halako bat esku artean edukitzea ia berria zen".

Goizean lasai jaiki eta bideari ekin diote orain ordu gutxi. Bidai lasaia egin nahi dute eta agian beste nonbaiten geldituko dira Lasarte-Oriara iritsi aurretik. Txurdi Rezabalek laister 51 urte beteko dituela azpimarratu du lagunetako batek "bizitza erdia baino gehiago pasa du espetxean".

Azken asteak senide eta lagunentzat bereziki gogorrak izan dira. Ines del Rio kalean geratu zenetik, lehenago espero zuten euren lagunaren kaleratzea "berak ordea nahiko lasai hartu dituela esan digu, atzo ere lasai jaso zuen irteera ordua zein izango zen guk ez bezala".

Zuzenean herrira

Mitxel Turrientesek berriz 27 urte egin ditu espetxe berdinean eta senide batek azaldu digunez, emaztea eta semearekin Lasarte-Oriara iristeko gogoarekin zegoen. Harrera egitera hainbat lagun eta senide joan ziren ere eta momentu hunkigarriak bizi izan zituztela diote.

Turrientes espetxean zegoela ezkondu zen eta atzo lehenengo aldiz eduki zuen aukera 25 urteko semea kalean ikusteko. Txurdiren kasuan bezala, prentsa kanpoan egon zen baina bestelako arazo aipagarririk ez. "Telefonoz herriko lagun askorekin hitz egin zuen eta apur bat mareatuta azaltzen zen hainbeste ahotsekin etab. Bera pozik atera zen oso hunkituta eta bereziki herrira iristeko irrikitan".  Goizeko bostak inguru iritsi omen dira denak herrira.

Aipatu behar da albiste honetan azaltzen diren argazkiak preso ohien eta senide eta lagunen baimenarekin argitaratzen dituela Txintxarrik izan ere, beraien zein lagun eta senideen intimitatea errespetatzeko eskaerari erantzunez, bart esku artean genituen irudiak ez genituen sare sozialetan zabaldu.