Bi ezaugarri nagusi biltzen dituzte ordenantza berri hauek agerraldian alkateak eta Gizarte Zerbitzuetako buruak azaldu dutenez. “Alde batetik, behar gehien duten herritarrei laguntzeko eginak daude eta beste aldetik, herriko elkarteei eta herri bizi bati bide berriak irekiko dizkie udal baliabideak doan utziaz”.
Aldaketa nagusia tasa berrietan, baztertze egoeran dauden pertsonek hemendik aurrera izango dituzten hobarien moldaketan datza alkatearen esanetan. “Gizarte Zerbitzuetatik egiten den lanean tresna baliagarria izango dira”, izan ere, egoera ekonomiko kaxkarrean dauden familiei diru-laguntza eman ohi zaizkie AGI, Udal diru-laguntzak, AES, RGI eta abar”. Hauek emateaz gain, udal zerbitzuetarako doako sarrera bermatuko zaie datorren urtetik aurrera. Familia hauek kiroldegirako sarrera doan izango dute, Euskaltegian eta Musika Eskolan doan ikasi ahal izango dute, kiroldegiko kurtsoak eta emakumeen zentroko aktibitateak doan, kultur etxeko aktibitate eta tailerrak doan, Gaztelekuko kurtsoak doan eta zabor tasa ere ez dute ordaindu beharko.
Alkatearen esanetan ordenantza fiskal berriak egiteko garaian bilatu da “egoera ekonomiko txarrean dauden familiek gizartean txertatuak egotea eta baliabide ekonomiko nahikoak dituzten familietako ume eta gurasoekin batera udal zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera izatea nahi dugu”.
“Benetako iraultza” bezala definitu dute udal ordezkariek, izan ere, aurten 5 familiek soilik izan dituzte tasak salbuetsiak zeuden baldintza zaharkituek eraginda.
Gorka Lizarragak azaldu duen moduan, 2014an Eusko Jaurlaritzak RGI eta AES dirulaguntzak banatzeko erabiltzen duen taula izango da hemendik aurrera erreferentzia salbuespenak egiteko eta baldintza hauek betetzen dituzten familiak salbuetsita egongo dira ehuneko ehunean tasa horiek ordaintzetik.
Lasarte-Orian 375 pertsona inguruk jasotzen dute RGI-a eta 170 inguruk AES-a. Baina horretaz gain, neurri horretara iristen ez diren familiek ere izango dituzte hobariak %75, %50 eta %25ekoak. “Hain zuzen tasetan progresibitate neurriak ezarriko ditugu”.
Guzti hauek kudeatzeaz Gizarte Zerbitzuak arduratuko dira eta “urtean behin eskatuta urte osorako balio izango du, familiaren egoera ekonomikoa aldatu ezean”. Eskabidea egiteko bideak aurrerago zehaztu eta publiko egingo direla esan du zinegotziak.
Orokorrean bere sailean lan egiten duten langileek ondo hartu dituzte ordenantza berri hauek zinegotziak azaldu moduan “gizarte langileak egunero daude gaizki pasatzen ari diren pertsona, familia hauekin. Euren helburua hauek gizarteratzea da eta neurri berri hauei esker pixkat errazagoa dela iruditu zaie”. Orain arteko diru laguntzekin etxebizitza eta jana ordaintzeko iristen zitzaien soilik eta neurri hauei esker udaletik uste dute errazagoa izango zaiela batez ere, haur eta gazteak dituzten familietan, gainontzeko herritarrek, haurrek egiten dituzten ekintzak egitea.
Elkarteei laguntza
Bestalde, herriko elkarteek egiten duten lana beharrezkoa dela iritzita, udal instalazio eta baliabideak doan erabiltzeko arauak zehaztu dira. “Udalak ematen dituen kurtso, jarduera eta zerbitzu guztiak elkarteek ematen dituztenekin aberastu egiten dira. Irabazi asmorik gabe ematen dituzte, boluntarioen bidez askotan eta herritarren onurarakoak izan ohi dira. Horregatik, Udalaren aldetik ahalik eta erraztasun handienak jartzea beste biderik ez dugu ikusten ekimenak ugarituz joan daitezen”.
Auditorio, areto eta bilera gelez gain elkarteek oholtza, jaima, hesi eta elektrizitatea besteak beste doan erabiltzeko eskubidea izango dute beti ere interes orokorrekoak diren jarduerak antolatzen dituztenean. “Herri biziago bat izateko baldintzak jartzen ari gara. Herritarrek antolatzen diren ekitaldiak positiboki baloratzen dituzte, eta horregatik uste dugu herritarren eskakizunei erantzuten dieten araua dela.
Ingurumenari dagokionez, auzo konposta egiten duten familiei ere hobariak emango zaizkie “gutxiago kutsatzen dutelako eta beste auzoetara zabaltzeko konpromezua ere hartzen dugu”. Bide beretik erabaki da gehien kutsatzen dutenek, zilindrada altuko turismoak kasu, gehiago ordaintzea.
Udalak neurri hauek hartuta diru sarrera gutxiago izango dituela aurreikusi dela adierazi du Pablo Barriok baina Aldunditik diru pixkat gehiago jasoko omen da eta “hartu ditzakegu gure gain”. Barrioren esanetan 2014rako aurrekontu orekatu batzuk egingo dira sarrera murrizketa hau kontutan izanda.