Axier Arteaga Diario Vasco txapelketako final-laurdenetan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko aza. 14a, 13:03

Axier Arteaga gaztea ederki ari da lanean. Ostiralean jokatuko den DV txapelketako final-laurdenetarako sailkatu da eta Intzako I. Jubenil mailako bikotearekin Ezker hormako txapelketako finalerdietan izango da azaroaren 23an.

Ostirala gauean, 22:00etan, Diario Vasco txapelketako promesa mailako final-laurdenetako bat jokatuko da Soraluzen. Honetan Axier Arteaga herritarrak eta txapelketa honetan bere bikote den Xanet Imazek Altuna-Martija bikotea izango dute aurrez aurre. Jose Felix Solano, Intzako entrenatzaileak azaldu zuenez, “partida zaila izango da, txapelketako guztiak bezala”.

Final-zortzirenetan, Aguirre eta Larrañaga bikote arabarra erraz irabazi zuten, 22-4. “Axier Arteagak partida ederra egin zuen, erremate ikusgarri eta guzti,” adierazi du Solanok.

Ezker horma

Bestalde, Intza pilota elkarteko gazteak ezker hormako txapelketan ari dira lehian. Senior eta jubenilek lehen fasea amaitu dute eta aipatu legez, jubenilak finalaurreak jokatuko dituzte.

Axier Arteaga bera eta Aritz Solano eta Mikel Araguren atzelariak izan dira 1. mailako jubenil bikotea. Jose Felix Solano entrenatzaileak azaldu digunez, lehen fasean multzoko lehen postuan amaitu dute, 6 partida irabazi eta 1 galdu ondoren.

Ondorioz, Gipuzkoako txapelketako finalera bidea egingo dute jubenilek. Lehenik, azaroaren 23an final erdia jokatuko dute etxean, aurrez aurre Aurrera Saiaz taldeko bikotea izango dute.

Senior eta kadeteak

II. mailako seniorrak, aldiz, 5. postuan sailkatu dira lehen fase honetan. Intzako entrenatzaileak aipatu digunez, txapelketako helburua bete dute, “maila mantentzea zen gure asmoa eta ederki egin dute”. Maila honetan pilotari gehiago jokatu dira. Aurrelari lanetan Aritz Urkia eta Jon Pello Artetxe izan dira eta Mikel Elola, Ander Rekondo eta Xabi Arteaga izan dira atzelariak.

Kadeteei dagokionez, II. mailako gaztetxoek oraindik hiru jardunaldi dituzte aurretik Taularen erdian daude sailkatuak eta partida hauek erabakiorrak izan daitezke Asteburu honetan, Gaztelekuren aurkako norgehiagoka izango dute.