Erraustegia eraikitzeko kontratua eten dute

Txintxarri Aldizkaria 2013ko aza. 13a, 18:32

Gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundian egindako agerraldian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren zuzendaritzak eta UTE GIPUZKOA CGRko ordezkariek sinatutako akordioa aurkeztu dute. Ondoriorik gabe uzten dute Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren zuzendaritzak eta UTE GIPUZKOA CGRko ordezkariek gaur eguerdian akordio batera iritsi direla jakitera eman dute. 

Honen arabera, bi aldeen arteko kontratu harremana amaitzen da, eta ondoriorik gabe uzten dute Zubietako erraustegia eraikitzeko proiektua.  

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak UTE GIPUZKOA CGR-ri honako zenbateko hau ordainduko dio, "% 3 eraiki gabe geratu den zatiaren lortu gabeko irabaziengatik, eta % 3 CGRGk proiektatutako planten ustiapenaren bost lehenengo urteengatik".

Ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak kalte-ordain modura, 8.190.000 euro ordainduko die enpresei.

Aurrekariak

Uztailean, GHK- ko Administrazio Kontseiluak Zubietako Errauste Plantaren lanen exekuzioa etetea erabakia zuen, "arazo tekniko-juridikoak" zirela eta.

UTE GIPUZKOA CGRko enpresek ez zuten begi onez ikusi Partzuergoaren erabakia eta bide judizialera joateko aukera izan zuten.

Baina urrian, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren zuzendaritzak eta UTE GIPUZKOA CGRko ordezkariak  negoziaketetan hasi ziren eta bi aldeak lotzen zituen kontratua adostasunez amaitzeko bi hilabeteko epea jarri zuten. Gaur akordioa aurkeztu dute.