Turrientes eta Rezabal arratsaldean libre geratuko dira

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 14a

Espainiako Entzutegi Nazionaleko batzarra ostiralean batuko zen baina gaurko aurreratu dute kasuen azterketa eta horrela hamabi euskal preso kalean geratuko dira gaur bertan. Horien artean, Kepa Rezabal eta Mitxel Turrientes lasarteoriatarrak.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina giza eskubideen kontrakoa dela ebatzi zuen urriaren 21ean. Geroztik, Entzutegi Nazionalak hamaika euskal preso aske utzi ditu. Gaurkoan beste hamahiru kasu gainbegiratuko ditu fiskaltzak eskatuta arratsaldeko lehen orduan eta gaur bertan Kepa Rezabal eta Mitxel Turrientes herritarrak kartzelatik aterako dira.

2006an ezarri zuen Espainiak 197/2006 doktrina edo "Parot doktrina". Espainiako 1973ko Zigor Kodearekin zigortutako presoek gehienez 30 urte egin zitzaketen ordura arte kartzelan. Horri Zigor Kode hark ahalbidetzen zituen espetxe onurak ezarrita, urtetan murrizten zen espetxealdia. 2006an hain zuzen hori aldatu zen eta presoei zigorra arintzeko neurriak jasotako zigor bakoitzari ezartzeko agindu zuen. Aldaketa zigorra ezarrita zuten presoei ezarri zien, irteera eguna atzeratuz. Honen ondorioz, Kepa Rezabal "Txurdi" eta Mitxek Turrientesek 27 urte daramatzate espetxean.

Iturri judizialen arabera, guztiek Auzitegi Gorenak ezarritako baldintzak betetzen dituztela uste du Ministerio Publikoak eta guztiak aske uzteko eskatu du. 

Bestalde, herriko beste euskal preso batzuek datozen asteetan gera daitezke libre.