Begiristain anaiak pala motzeko txapelketan txapeldun orde

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 13a

Pala motzeko txapelketa ederra egin dute Begiristain anaiek eta II. mailako bigarren postua eskuratu dute. Lehenengo fasean, bere multzoko lehen sailkatuak izan ziren eta finalaurrekoetan ez zuten huts egin. Igandeko finalean aldiz, ezin izan zuten Landaren aurka irabazi.

Mikel eta Jon Begiristain anaiak Usurbilgo pala taldearekin ari dira lehian. Denboraldi hasiera honetan II. Mailako pala motzeko txapelketa izan dute. Igandean finala jokatu zuten Fanderiako pilotalekuan, Errenterian eta aurrez aurre Landa elkarteko bikotea izan zuten. 40-27 galdu zuten lasarteoritarrek.

Jon Begiristainek azaldu digunez, “arerioak hobetu jokatu zuen. Hasieratik hamar tantoko errenta atera ziguten eta ezin izan genuen ezer egin”.

Gainera, “partida amaitzeko gutxi falta zela, hatz bateko hezurretako bat hautsi nuen. Ezin izan nuen saria jaso,” onartu du.

Txapelketa ederra

Oso pozik agertu da txapelketa honetan egindako lanarekin. “Lehen fasean bat izan ezik, guztiak irabazi genituen. Finalaurrekoan Altzatarra-ko bikotea garaitu genuen.”

Hurrengo urtean, txapelketako honetako I. mailan lehiatuko direla jakitera eman du, “finalerako sailkatu eta maila igoera lortu genuen. Hurrengo urtean, txapelketa gogorragoa izango da guretzat”.

Orain, II. mailako larruzko paleta txapelketa hasiko dute eta honetan ere lan ederra egitea espero dute. “Nik ezingo dut lehen jardunaldietan parte hartu, baina osatzean bertan izango naiz,” aipatu du Jonek.