Gure esku dago” egitasmoaren kimua Idiazabalen sortu zen Nazioen Mundua herri ekimena da Oiarbideren esanetan. Herri kirola ardatz, sentsibilitate ezberdinetako herritarrak bildu ziren nazio guztiek duten erabakitzeko eskubidea aldarrika-tzeko. Ekimen hori eskualdera zabaldu eta ondoren Euskal Herrira egin du salto.
Asteazkenean aurkeztuko da Lasarte-Orian “Gure esku dago” ekimena. Zer da?
Euskal Herri mailan sortu den erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, aldarrikatzetik egi bihurtzeko trantsizio hori egin nahi duen mugimendua da. Hau da, aldarrikatu eta kontzientziatzetik ez bakarrik baizik eta hortik egikaritzera.
Nola sortzen da dinamika hau?
Herritarren dinamika da, hori da indarra. Kimua 2007n Idiazabalen sortu zen Nazioen Mundua herri ekimena izan daiteke, txikitik handirako pausoa. Herri txiki batetik, eskualde batera eta hortik posible den adibide bat sortu eta Euskal Herri mailara zabaldu. Herritarren mugimendua da baina Euskal Herriko eragile ezberdinekin parte har-tzea bilatzen duena. Alderdi, instituzio ezberdinen topagunea sortu nahi dugu.
Herritarren parte hartzea bilatzen du ekimenak. Prest gaude aktibo izateko?
Ikusten dugu autodeterminazioaren gaia korapilatsua bihurtu zutela, berez ez delako eta horren adibide hoberena momentu honetan Erresuma Batua da Eskoziarekin. Bertan ez da korapilatsua gaia, demokrazia norabidean berrehun urte daramatza herrialdeak ez gu bezala eta agian hango gizarteak duen heldutasuna faltan dugu.
Ikusten dugu heldutasun falta, goitik etorriko zenaren zain egon gara urte askotan, goiko botere horiei delegatu diegu ardura eta iritsi gara puntu batera non goiko horiek ez duten gaia bideratu behar bezala.
Horregatik iruditzen zaigu berriz hartu behar dugula ardura, herritarren ordua iritsi da. Gai garrantzi-tsuegia da soilik politikoen esku uzteko, gure etorkizunaz hitz egiten ari gara, datozen belaunaldien etorkizunaz.
Zergatik utzi da ardura politikoen esku orain arte?
Zure ardurak beste batengan uzten dituzunean, momentuan, pisu bat kendu duzula dirudi baina denborak aurrera egin ahala, ikusten duzu zure gaitasunak, berezkoak, gal-tzen joan zarela, ez zarela gai ikusten halako gai baten aurrean, gizartean ekiteko.
Gaitasuna badugu nahiz eta denbora luzean horrela jokatu dugun. Dinamika parte hartzailea da “Gure esku dago”, positiboa, pausoz-pauso joango dena gure buruari sinestaraziz gai garela ekiteko. Adibide argia dugu Katalunia, bere buruarengan sinesten hasi direnean begira zer egin duten, beraiek ere harritu dira eta konturatu dira zein indar duten eragiteko. Bide hori egin behar dugu.
Idiazabalen hasita, eskualdera zabaldu genuen. Harremanetan jarri ginen Eskoziako eragileekin, ekarri genituen gobernuko kideak Goierriko instituzioekin harremanetan jarri genituen, enpresak harremanetan jarri genituen... Eskualde batean herritarrek hori lortu bagenuen, zer ez dugu lortuko Euskal Herri mailan? Izugarria da egin dezakeguna.
Erakundeen erantzuna zein izan da?
Atzo hasi ginen nolabait esateko, demokrazia batean eta eskema batzuk ditugu barneratuta baina horiek alda-tzen doaz eta hobetu daitezke gainera. Aukera izango dugu datorren urtean Eskoziako prozesua ikusteko. Kontutan izan behar da autodeterminazio kontzeptua XIX.mende amaieran jaiotzen dela, 1905.urtean Norvegia erreferendumaren bidez Suediarengandik independizatzen da eta mugarria izan zen. Oraingoan, Erresuma Batua XXI.mende hasieran potentzia mundial bat izanda, datorren urtean bere lurralde zati bati aukera emango dio era eredugarri batean bere etorkizuna aukeratzeko eta hori beste mugarri bat izango da. Adibide horrek sorraraziko dituen inertziak gure gizartearengain eragiteko aukera, “Gure esku dago“. Eredu horren baloreak gureganatzeko aukera izango dugu. Guretzat aurrerapauso handia izan daiteke.
Eskoziarena aukera bat da beraz?
Guretzako aukera paregabea da. Ziklo naturalak bezala, pertsonek, herriek, nazioek zikloak bizi dituzte. Herri honetan 60.hamarkadan jaio zen ziklo bat izan genuen, euskal kulturen suspertzea, ikastolen sorrera, kooperatibak… ziklo horrek orain arte iraun du eta gainera urte askotan errentetatik bizitzen izan garela uste dugu. Aurreko ziklo hasierako lekukoa gureganaino iritsi da. Orain ziklo hasiera batean gaude. Ziklo berri honetako lekukoa noraino iritsiko den ardura gurea da. Guk 60. hamarkadan suspertu zuten ziklo hartako herritarrei eskertzen eta miresten ditugun bezalaxe. Hemendik 60 urtetara gure saiakeraz harro egongo den gizarte bat aurkitu nahi badugu, pausoak emateko garaia iritsi zaigu.
Momentu honetan ziklo berri baten hasieran gaude, koinziditzen du Eskoziako prozesuarekin, Kataluniakoarekin, Flandeskoarekin… Beste herri batzuk gu bezala, ziklo baten hasieran daude eta egoera hau hainbeste kausalitate elkarrekin ez dugu berriz ezagutuko. Hau dena badatorkigu beraz goazen saretzen, hainbeste zauri josten has gaitezen. Herritarren saretze bat da “Gure esku dago” datorkigun inertzi guztia aprobetxatu eta aurrera egiteko.
Bileraren helburua zein da?
Aipatutako guztiarekin ados egonda ere, jendeak esango du nik zer egin dezaket? Horretarako erronka jarri dugu, 2014ko ekainaren 8an gizakate bat egingo dugu Durangotik Iruñeara. Zertarako gai garen ikusiko dugu. Hau egiteko herritar guztien beharra izango dugu, 50.000 lagun elkartu behar ditugu. Katalunian 400km osatu zituzten katean, ez gara gu gai izango 123km osatzeko?
Ez gara gai ikusten baina hasi gaitezen herri guztietan bilguneak sortzen, elkartzen, saretzen hori da bileraren helburua Lasarte-Orian ere talde bat eratzea.
Herritarrek bileretan zein kezka plazaratzen dute?
Gogoa dago, beharra ikusten da elkartzeko baina oraindik ez dugu gure gaitasunetan sinesten. Bakoitza bere neurrian lan txikiak egiten baina hasi gaitezen sinisten merezi du eta!