Buruntzaldea IKT-ko igerilariak prest daude lehiaketa denboraldirako. Benjamin mailatik master ataleko kideetaraino lanean daude haien hoberena emateko. Borja Apeztegia Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaileak ederki ikusten du taldea eta iazko emaitzak mantendu edo hobetzeko asmoa dute.
Denboraldia prestatzen
Irailean hasi ziren lanean eta lehen hiru asteetan prestaketa lana egin zutela aipatu digu, “korrika saioak, lehorrean beste kiroletan jolasten, saskibaloia, bestelako joko eta jolasak... Igerilekuan lan teknikoa, estiloak, biraketak, irteerak...”
Orain, berriz, oinarrizko lana egiten ari dira, “lan aerobikoa, lan teknikoa eta abiadura ariketaren bat ere egiten da egunero”. Eta lanean ederki ari direla azpimarratu du. Hala ere, entrenamenduetan aldaketak sartu dituztela onartu du, “Gauza batzuk aldatu ditugu nagusien entrenamenduetan. Estimuluak aldatu behar zaizkie eta gauza berriak sartu ditugu entrenamenduetan. Oraindik ez dakigu funtzionatuko duen baina ikusten joango gara Ligako jardunaldietan”.
Txapelketei begira
Txapelketa garaia hasi da eta hauen arabera lan egiten dute igerilariek. Borjak azaldu duenez, “helduen kasuan, urtea beti banatzen dugu bi edo hiru zatitan”.
Infantil eta juniorrek bi zati egiten dituzte, “pertsonaren arabera Espainiako txapelketa, Euskal Herriko txapelketa edo Gipuzkoako txapelketarekin amaitzen da”.
Absolutuek eta junior batzuk aldiz, hiru ziklotako urtea egingo dute. “Lehen zikloa gabonetako nazioarteko sarian amaituko da, bigarrena Neguko Espainiako txapelketarekin eta hirugarrena Udako Espainiako txapel-ketarekin”.
Benjamin eta alebin mailetan, berriz denboraldi bakarra egiten da. “Linealago egiten dugu lan. Lehen astetik Udaran izango duten txapelketa nagusira begira gaude. Beti lan aerobikoa, abiadura ariketak eta batez ere, lan teknikoa egiten da”.
“Benjaminek seguraski gure sariarekin amaituko dute urtea eta alebinek txapelketa nagusi bezala izango dute Udara aldean eskolarteko alebinen txapelketa. Lehenengo urteko alebinek hor amaituko dute eta gero gure saria izango dute. Eta bigarren urtekoak Euskadiko eskolarteko txapelketan sailkatzen badira,” atxiki du.
Maila hauetan helburu nagusia “lau estiloetan arlo teknikoa ahalik eta sakonenen lantzea da. Infantil mailara iristean oinarri bat izan eta gero beste era batera entrenatu ahal izateko”.
Maila mantendu
Iaz Buruntzaldea IKT-ko hainbat igerilari maila altuan lehiatu ziren “Haitz Mitxelena, Itsaso Tolosa, Naiara Lizaso, Nahia Jie Villamediana, Iñigo Ibarburu...” eta ideia maila mantentzea dela onartu du entrenatzaileak.
Horietaz gain, maila hori lortu ahal duten beste gaztetxo batzuk ere daudela azpimarratu du eta horretarako lanean ari direla onartu du.
“Emaitzak etorriko dira eta pertsonaren eta bere egoeraren arabera baloratuko dira. Lehenengo gauza da guztiak gustura egotea, bakoitzak bere buruarekin duen lehia garatzen eta hobetzen joatea eta gero ahal den igerilari gehienek ahal den maila altuena lortzea. Bakoitzak bere neurria du eta txikiekin helburu nagusia garapen teknikoa da,” adierazi du.
Liga hasiera
Asteburu honetan, infantil, junior eta absolutuak Tolosan izan dira lehian Ligako lehen jardunaldian.
“Lehenengo honetan ez dugu helburu berezirik. Baina batetik motibazioa berpiztu eta lehiaketa gogo hori asetzeko balioko du; bestetik, orain arte egindako lana proba konkretu batzuetan eta pertsona zehatz batzuetan zein emaitza ematen duen ikusi. Infantilen kasuan, iaztik zein nolako garapena izan duten ikusteko balioko du”.
Txikiek ere hurrengo larunbatean, azaroaren 16an dute Kirol Zehaztasun Ligako lehen jardunaldia. “Txapelketaren izaera desberdina da. Guk test moduan erabiltzen ditugu. Proba horrek dituen atal desberdinak ahalik eta ondoen burutzea da helburua, eskatzen zaizkien distantziak burutzeko gaitasuna, bereziki teknikoki modu egokian igeri egitea...”
Hau guztiaz gain, estiloetako ikastaroa ere martxan dela gogorarazi du.