Ttakun Kultur elkarteak, Udalaren eta herriko euskaltegien laguntzaz aurrera eramaten den proiektua da Solaskide. Guztira 100 bat partaide ditu eta 32 taldetan daude banatuta. Taldeek denetariko ekintzak egiten dituzte, esate baterako, kafe bat hartu, paseo bat eman, kirola egin... Betiere euskara ahoan dutela. Baina asteroko hitzorduaz gain, solaskideek ekimen bereziak ere dituzte urtean zehar, afariak, ikastaroak, etab. Egindako hobekuntzek ez dute solaskidea bakarrik pozten, herritar guztientzat da berri ona, herriko euskararen normalkuntzan aurrerapausoa delako.
Solaskide izan
Euskaltegietan 4. eta 5. mailetan hau da, euskaraz harremantzeko gai direnek edo maila altuagoa duten ikasleek parte hartu dezakete ekimen honetan. “Euskaraz hitz egin eta euskaltegietan ez dagoen jendea ere ongi-etorria da”, aipatu dute antolatzaileek. Honetz gain, bidelagunak behar direla ere azpimarratu dute Udalak eta Ttakuneko ordezkariek, batez ere euskaldun berriei bideak zabaltzeko prest dauden euskaldun zaharren beharra dute Solaskide Programarako.
Solaskideen abantailak
Ttakuneko antolatzaileek argi dituzte Solaskide programan jardutearen abantailak: “jende jator ugari ezagutu eta dibertigarriak gertatuko zaizun makina bat gauza egin ahal izango duzu”, era horretara euskara maila “hobetzea”du xede programak. Entzumenaren garrantzia nabarmendu dute, haurtzaroan bezala, entzunez asko ikasten dela uste dute programaren bultzatzaileek: “Berdin dio poteoan otorduren batean zein ikastaroren batean, kontua da euskaraz hitz egitea. Hizkuntza baten ahoskera eta hizjarioa entzunez eskuratzen baita”.
Aholkuak
Hainbat aholku ere luzatu dizkiete programan dabiltzan edota solaskide izan nahi duten kide potentzialei. Lehena, euskara hutsean hitz egitearena. “Zenbat eta gehiago euskaraz hitz egin euskaldunei, hauek ere gero eta gehiago hitz egingo dizute”, adierazi dute. Bestetik, garrantzitsua izaten da solaskideari esandakoa ulertu duzun ala ez adieraztea. Lotsarik ez izatea beharrezkoa dela eta euskaldun berriei beldurrik ez izateko eskatu diete, euskaldun zaharrek “gustura asko” lagunduko baitiete euren hizkuntza akatsak zuzen. Esaldiren batekin trabatuz gero, erdarara ez jotzeko deia egin dute. Esaldia beste modu batera osatu eta euskaraz esatea komeni dela azpimarratu dute, gainontzean ez baita hobekuntzarik nabarituko.
Izena ematea
Inolako kezkarik izanez gero ez izan zalantzarik eta Solaskide programako koordinatzailearekin harremanetan jar zaitezte Ttakun elkartera hurbilduz, solaskide@ttakun.com helbidean edo 943 371 448 zenbakira deituz. Pertsona bakoitzaren beharrak aztertu eta bakoitzarentzat aukerarik onena bilatuko du. Azken finean, euskara ikasteko prozesua ez da erraza izaten askorentzat, “bidea egiteko laguntza behar baduzu, Solaskide da aukera”.