Zero Sette akordeoi orkestra 1987an sortu zen, baina jaialdia bere horretan gazteagoa da. Aurten bete du X. edizioa eta nazioarteko akordeoi-jole ezagunak etorri izan dira hamar urteotan. Aurtengo gonbidatuak Iñaki Dieguez, Arrigo Tomasi, Daniel Ley eta Jokin Goenaga izan dira.
Itxura polita hartu zuen Manuel Lekuona kultur-etxeko areto nagusiak larunbat ilunabarrean. Herritar ugari hurbildu ziren akordeoi doinuez gozatzera eta gozatu ederra hartu zuten bi ordu pasatxoko emanaldian.
Jaialdia Iñaki Dieguez soinujole irundarraren kontzertuarekin hasi zen. "Birak" disko berria aurkeztu zuen Cirque du Soleilen aritu zen musikari trebeak.
Zero Sette ez zen herriko ordezkari bakarra izan, Jokin Goenaga lasarteoriatarrak ere bera hatz luzeak abiada bizian mugitu zituen akordeoiari doinu biziak sortzeko. Jose Antonio Mercero musikari handiarekin egin zituen akordeoi ikasketak gazte zela eta larunbateko kontzertuan "Pentsatzen", "Soinuhaundi", "O Samba Perla" eta "Udazkendantza" interpretatu zituen herritarren aurrean.
Arrigo Tomasi eta Daniel Ley bikoteak jarri zuen ilunabarreko umore puntua. Ez akordeoi eta perkusio doinuei esker barrik, euskaraz hitz egitera ere ausartu zelako Arrigo Tomasi soinujole italiarra. Daniel Levy perkusionista uruguaidarraren konpainian denetariko jazz doinuak jo zituzten eta inprobisazio eta soloei ere lekutxoa egin zieten. Txalo zaparrada handia jaso zuten saioa amaitzean.
Antolatzaileen momentua iritsi zen jarraian. Zero Sette akordeoi orkestrak lau pieza jo zituen Jose Manuel Cresporen gidaritzapean."Harmonia Festoverture", Metallicaren "Nothing Else Matters", "Supertramp" eta "Rock and Roll is King" kantuak interpretatu zituzten eta ikusleek gogotik txalotu zuten herrikideen lana.
Ekitaldiari amaiera emateko, Pablo Barrio alkateak eta Boris Nogales zinegotziak oroigarri bana eman zieten jaialdian parte-hartu zuten artistei. Opari gisa, Goenaga, Tomasi eta Dieguez gonbidatuek pieza alai bat jo zuten Zero Setterekin batera, publikoa aho zapore gozoarekin agurtzeko.
JAIALDIKO ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/560/