Denetariko produktuak ikusi ahal izan dira plazan: ogia, gazta, eztia, esnekiak, pastelak, letxuak, barazkiak... Zuzenean baratzetatik plazara ekarriak. Kolore eta jaki festa izan da, baina horretaz gain, nekazaritza ekologikoaren aldeko mezua zabaldu nahi izan dute baserritarrek. Hurbiltzen zen ia herritar orok zer edo zer erosi du, kalitatezko produktua jarri baitute salgai Okendon, prezio eskuragarrian gainera. Nekazariak kontent ziren saldutakoarekin, goizaldean eguna triste xamar hasi badute ere, eguerdi aldera jendetza bildu da eta dezente erosi du. Haizeak bazterrak gogor astindu dituen arren eta tenperatura ezatsegina zen arren, gogoan zuten ekainean egindako azokan sekulako erauntsia bota zuela, eta gaurkoan konforme ziren beraz euririk ez egitearekin. Bestalde, Udaletxeko arkupeetan umeentzako jokoak ere jarri dituzte eta gaztetxoak gelditu gabe saltoka ibili dira egurrezko uztaiekin eta makilekin jolasean.
ARGAZKI GALERIA: http://txintxarri.info/galeria/559/