Gaur, arratsaldean Izarra Bitxitegia eta Urdaneta H.K. taldeen arteko norgehiagokarekin hasiko da Herriko areto-futbol txapelketa. Antolatzaile berriarekin, David Ferrerorekin izan gara lehiaketari buruz gehiago jakiteko.
Aurtengo denboraldian hamahiru talde izano dira lehian eta horien artean, iazko bi talde finalistak daude, Buenetxea eta Txindoki tabernak.
Hauetaz gain, Izarra bitxitegia, Viña del Mar, Izkiña taberna, Trumoi taberna, El Punto taberna, Balerdi Harategia, Indaux, Ilargi taberna, Urdaneta H.K., Arkupe taberna eta Aritza tabernak parte hartuko dute norgehiagokan.
Bi itzuli eta finala
Talde kopurua dela eta, joan eta etorriko txapelketa izango dela aipatu du Ferrerok, “multzo txikia da eta taldeek jokatzeko gogoak dituztela adierazi dute. Horregatik, bi itzuli egitea erabaki zen“.
Partidak ostirala eta larunbatetan jokatuko dira. Baina eguraldi txarra eginez gero, areto-futboleko kantxaren baldintzen arabera partidak egunez aldatzea aurreikusten dela jakin arazi du, “gertatuko da, euria eginez gero, kondentsazioak eta euriak ez digute jokatzen utziko. Eta ez gara arriskatuko“.
Era berean, partida horiek igandeetan jokatuko direla azaldu digu, “igandea libre uzten da atzeratutako partida baldin badago. Era honetara, asteburu berean taldeek bi partida jokatu ahal izateko. Hau da, ostiralean bat jokatu eta igandean bestea“.
Bi itzulien ostean, ohi den bezala, sailkapeneko lehen zortzi taldeek play offak jokatuko dituzte eta gainontzeko lauek kontsolazioa.
Era honetara, “guztia ongi badoa eta egutegian aldaketarik ez badago, finala ekainaren 13an izango da,“ onartu du Davidek.
Kopa
Bestalde, lehiaketa amaitu eta aste betera, ekainaren 20ean kopa lehiaketa edo Mosso oroimenezkoa jokatuko dela jakitera eman du.
Honek, aurreko denboraldiko sistema berdina izango du, “guztia asteburu batean jokatuko da“.
Davidek adierazi digunez, “oraingoz talde guztiek kopa jokatuko dute. Baina izan daiteke talderen batek ez jokatzea erabakitzea, jendea falta zaiolako edo. Hala ere, talde guztiak egon daitezen saiatuko gara“.
Aldaketak
Nahiz eta kudeatzailea berria izan, antolakuntza edo araudi aldetik berrikuntza handirik izango ez dela azpimarratu du.
Davidek azaldu duenez, aldaketa bakarra dago, aste-azkeneko bilera kenduko da. “Urte hasieran egutegia egingo da. Aldaketak egon daitezke hauetan, eskolarteko edo bestelako txapelketak direla eta. Baina bestela, ordutegia finkoa mantentzen saiatuko gara“.
Arauei dagokionez, “zigorrak ez dira hain gogorrak izango hasieran“ onartu du. Hau da, lehenengoz arauetako bat hausten bada, permisiboak izango dira. Baina hau behin eta berriro errepikatzen bada, zigorrak ezarriko dira.
“Arauak bete behar dira eta horrela izatea zainduko dugu. Jendeak gozatzea eta taldeen arteko lehia zelaian geratzea nahi dugu. Helburua, berriro ere, herri txapelketa potentea izatea da, talde batzuk egotea, lagunen artean jokatutako txapelketa izatea, elkar ezagutzea...“ onartu du.
Laguntza
Era berean, txapelketa aurrera eramateko laguntza izango duela azpimarratu du, “aurreko antolatzaileen eta beste taldeetako kideen laguntza dut logistika edo edozein gai dela“.
Hala ere, “epaile eta mahai lanak beste taldeetako jendea dago. Baina guztiak gaude baldintzatuak lana dela, partidak direla... Horregatik, laguntza guztia ongi etorria izango da, kudeatzeko, publizitatea egiteko, sare sozialetan laguntzeko...“ adierazi du azkenik.