Emanaldia 19:00etan hasiko da eta 16 urte azpikoentzat doan izango da sarrera. Gainontzekoek hiru euro ordaindu beharko dituzte.
Gonbidatuak
Akordeoiaren munduan ibilbide luzea egindako musikariak izango dira oholtza gainean.
Iñaki Dieguez irundarrak hasiera emango dio emanaldiari inprobisazio saio bat eskainiz.
Dieguez Cirque du Soleil zirko entzutetsuaren baitan musikari lanetan egon da 2008 eta 2011 urteen artean. Lehenengo Koreara joan zen, eta ondoren birak Kanadan eta Estatu Batuetan izan zuen jarraipena. Cirque du Soleil-ekin lehenik “Alegría“ ikuskizunean soinujole lana egin zuen eta “oVo“ showaren sorkuntzan murgildu zen ondoren.
Jarraian Jokin Goenaga Lasarte-Oriako musikariaren txanda izango da. Honek lau pieza eskainiko ditu.
Bakarlariarentzat ez da herrian eskaintzen duen lehenengo kontzertua izan ere, bere musika entzuteko aukera izan zen Kultur Kale zikloaren baitan.
Arrigo Tomasi akordeoilari italiarra Daniel Levi pianojolearekin batera arituko da ondoren. Eskarmentu handiko bi musikari hauek jazz-a ekarriko dute.
Eta azkenik, herriko akordeoi orkestraren lanaz gozatu ahalko da.