Baserriko produktuen azoka larunbatean Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 7a

Aza, porru, piper, arbi, zerba... udazkeneko produktuen erakustoki bihurtuko da larunbatean Okendo plaza. Lasarte-Oriako Udalak Behemendi Landa Garapenerako elkartearen laguntzaz, 10:00etatik 14:00etara Baserriko produktuen azoka berezia antolatu du.

Eremuko eta Gipuzkoa osoko 15 ekoizlea izango dira larunbatean Okendon plazan egingo den Baserriko produktuen azokan.

Esnekiak, barazkiak, garaiko landareak, txerrikiak, ahatekiak, fruituak, ogia... denetarik izango da Lasarte-Oriako herritarrek produktu freskoak eta bertan ekoiztutakoak eros ahal ditzaten.

Eta gurasoek erosketak egiten dituzten bitartean, haurrek jokoetaz gozatzeko aukera izango dute.

Lehenengo sektorea sustatu
Lasarte-Oriako Udalak jakin arazi duenez, iaz egindako azterketa sozioekonomikoan, lehen sektorean beherakada handia izan zela ikusi zen. 

Honen ondorioz, lehen sektorea indartzeko hainbat ekimen burutzea pentsatu zuen, azoka bereziak tartean. 

Baina nekazaritza eta landa ekoizpenari laguntzeaz gain, asteburuko ekintzak eginez, herriko merkatarien egoera ere indartu nahi du Udalak.

Behemendi Elkarteak, aldiz, 2002 urtean baserritar produktuen feriek bizi zuten beherakada ikusita, ekimen honi antolatzeari ekin zion. Izan ere, azoka hauen helburu bakar eta nagusia baserriko produktuen salmenta bideak sustatzea da.

Gainera, Behemendik azpimarratzen duenez, tokian tokiko dendarientzat ere baliogarriak dira azoka hauek, “eskaintzen diren produktuak ikusi eta gustukoak badira ekoizlearekin zuzenean harremana egin dezaketelako“.