Egitarau berezia azaroan

Txintxarri Aldizkaria 2013ko azaroaren 7a

Azaroaren 25ean Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da. Honen aitzakian eta berriki berrantolatutako Emakumeen Zentro Zibikoan gertatu diren aldaketen lehen pausoak erakusteko, hilabete osoan zehar hainbat ekintza egingo dira. Lehenengoa asteazkenean egin zen, “maitasun erromantikoaren inguruko tailerra”.

Udalak Emakumeen Zentro Zibikoan aldaketa garrantzi-tsuak egin ditu, besteak beste izena ere aldatu zaio aurrerantzean Sexuen arteko bizikidetzarako emakume zentroa izango da.

Laster aurkeztekoak dira bertan egindako guztia baina dagoeneko teknikari berriak lanean dira eta azaroan zehar hainbat dira antolatutako ekintzak. Aitzakia azaroaren 25a hartuta, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna, hitzaldiak eta tailerrak izango dira, denak irekiak.

Asteazkenean “¡Ay amor, amor! No me quieras tanto y quiéreme mejor” Myriam Herbon-ek gidatu zuen ikastaroaren lehen zatia izan ere, honakoak jarraipena izango du datorren asteazkenean. Maitasun erromantikoaren inguruko tailerra da eta bertan emakumeek maitasunarekin duten harremana aztertu zuten. Horretarako zinema, literatura izan zuten hizpide lehenengo saioan.

Antzerkia eta zinea

Azaroaren 15ean 19:30etan helduentzako antzerki emanaldia izango da “Madameren cabareta” Sexuen arteko bizikidetzarako emakumeen zentroko antzerki taldearen eskutik. Honakoa Manuel Lekuonan izango da eta sarrera gonbidapenarekin izango da. 

Azaroaren 19an berriz, zine foruma egingo da Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan 18:30ean. Honetan Derec Cianfrance-en “Blue Valentine” filma ikusi eta eztabaidatzeko aukera izango da berdintasun teknikari batek gidatuta. 

Zentro berria eta elkarretaratzea
Egitarauarekin jarraituz, azaroaren 22an 19:00etan Sexuen arteko bizikidetzarako emakume zentroaren aurkezpen ekitaldia egingo da. Irekia izango da eta ondoren Araetan afaria, dantza eta DJa. Afariaren prezioa 22 eurokoa da eta emakume zentroan izena eman beharko da aurretik. 

Azaroaren 23an 11:00etan haurrentzako ipuin-kontalaria saioa egingo da “Bizarurdinak” 4 eta 8 urte arteko umeentzako haur liburutegian. Maite Franco ariko da kontalari. 

Astelehenean, azaroak 25, 19:00etan emakumeenganako indarkeriaren aurkako elkarretaratzea egingo da Okendon. 

Ekintza egitarau bereziari amaiera emateko abenduaren 14ean, larunbata, Lasarte-Oriako emakume gazteei zuzendutako autodefentsa feminista tailerra izango da Emagin elkartearen eskutik. 16 eta 30 urte arteko emakumeentzat da ikastaroa eta Gaztelekuan burutuko da 10:00-14:00 eta 15:30-19:30 bitartean.