Lehengo asteburuan Euskal Ligan Ostadar eta Eibarren arteko partida izan zen. Egun berezia Mikel Martija herritarrentzat, izan ere, ekainera arte Ostadarreko entrenatzaile izan zen eta egun Eibar Kirol elkarteko harrobiko kudeatzailea da. Harekin izan gara aldaketa eta bere lanari buruz gehiago jakiteko.
Nola jarri zen Eibar harremanetan zurekin?
Denboraldia bukatu aurretik ez jarraitzeko erabakia hartu genuen. Erregional mailan bi urte egon eta gero, jokalari eta lagunak asko estutzea izango zela pentsatzen genuen. Denboraldia ederki amaitu eta gero, lasai egon nintzen.
Orduan, Eibar agertu zen Kadete mailako entrenatzaile lanak egiteko eskaintzarekin. Ohorezko mailan zehazki eta bilera pare bat egin eta aukera ikusi nuen. Hiru entrenamendu astean, partida asteburuan...
Eta behin barruan nengoela han zegoen harrobiko kudea-tzaileak Realak fitxatu eta Fran Garagarza kirol zuzendariak niri proposatu zidan postu hori.
Ez al zintuen bat bateko aldaketa horrek harritu?
Harritu ninduen, bai. Ez ninduten hainbeste ezagutzen horrelako kargu baterako. Ordu asko dira, hitz egin eta kontrastatzeko gauza asko dago. Futbolaz asko jakin daiteke, esperientzia izan dezakezu eta horrek jakinduria eman dezake, baina... Fran Garagarzak niregan apustu egin zuen, nire alboan izan dudan jendeari galdetuz, informazioa eskatu zuen.
Nik ez dakit eta ez dut inoiz jakingo nortzuk izan diren baina egia da oso eskertuta nagoela, zeren eta hori izan baita, postu honetara iristeko aukera eman didana. Ez da berdina talde baten ardura ematea edo talde guztien kudeaketa eskaintzea. Aldaketa izan daiteke %100 klubean sartzen zarela, dagoeneko klubekoa zara, barruan zaude. Oso eskertua nago momentu horretan Frani niri buruz eta nire lanaz hitz egin ziotenei.
Harritu ninduen, baina zerbaitengatik aukeratu zaituztela pentsatzen duzu. Nik ere egia esan lan hau oso gustura egiten dut. Futbolarekin zer ikusia duen edozer oso gustura egiten dut. Orduan pentsatzen dut honetara ere iritsiko naizela. Gauza asko egin behar ditut, buruari buelta asko eman, dedikazio handia izango da, baina hau ere aurrera ateratzeko asmoa dut. Azken bi urteetan nire neurria hartu dut. Neure buruari eskatutakoa aurrera atera dut. Ongi edo oker, baina aurrera joan da. Eta hemen ere hori da nire ideia. Autoeskakizun bezala edo lortu nahi dut. Etxetik laguntza osoa daukat. Hori ere garrantzitsua da. Lagunekin urte zaila izango da denbora gutxiago izango dudalako, baina gutxi hori ongi aprobetxatuko dut.
Futbolean pausoak eman nahi ditut, gustuko dudalako, baina lasaitasunez, ez dut etorkizunean luzera begiratzen. Momentuaz baliatu eta ahalik eta gauzak era hoberenean egin eta gozatu. Hortan datza ezta? Egiten duzunaz gozatzea, nahiz eta dedikazioa handia izan.
Zergatik uste duzu aukeratu zintuztela?
Azken bi urteak erreferente bat izan dira, nire aldetik jarri dudan exigentzia handia izan da, ez klubak eskatuta, nik horrela nahi nuelako baizik. Aukera aproposa ikusten nuen gauzak egiteko, tresnak zeuden lan egiteko. Ongi atera zen eta ispilu bat izan daiteke etorkizunerako eman behar diren pausoak zehazteko. Nire ustez bi urte horiek gabe ez litzateke posible izango Eibarrek ni aukeratzea.
Zertan datza zure postuak?
Harrobiko kudeatzailea naiz. Talde guztien ardura dut. Talde bakoitzak bere entrenatzaile edo delegatua dauka baina haien gainetik ni nago. Talde guztiak koordinatzea da nire ardura, haien errendimendua kontrolatzea, entrenatzaileekin feed-back-a izan,... han dagoen metodologia nik gainbegiratu behar dut.
Hurrengo denboraldira begira, Eibar aldeko taldeen maila ikusi eta aztertu behar dut. Taldeetan izango diren bajak, bai utziko dutelako edo maila ematen ez dutelako, ordezkatzeko beharrezkoak diren jokalariak aukeratu behar ditut. Maila ona duten edo garapen ona duten jokalariak aukeratu eta Eibarrerako fitxatu behar ditut.
Ikuskatzaileak daude lana murrizten digutenak, baina azkeneko erabakia edo hitza nik eta Franek daukagu. Honela hurrengo urterako taldeak sortzen goaz.
Zenbat talde daude Eibar kirol elkarteko harrobian?
Zazpi talde daude. Bi jubenil bata Ohorezko mailan eta beste Euskal Ligan; bi kadete bat Euskal Ligan Ostadarren aurka lehiatuko dena, bestea Ohorezko mailan; infantil ohorezko mailan ere beste bat eta infantil txiki eta partehartze mailako alebinak.
Bestalde, futbol eskola dago honetan 1. urteko alebinak eta benjaminak daude, 2003-2005 urteko haurrak. Ipuruako anexoan biltzen ditugu astean behin urte bakoitza. 2005 eta 2004 urtekoen saioetan partehartzea sustatzen da futbolarekin lotura izan dezaten eta 2003 urtekoekin hurrengo urtera begira aukeraketa bat egin behar da. Alebin taldean zeintzuk sartu behar diren ikusi behar da. Adibidez 40 jokalari ditugu eta horietatik 16 jokalari izango dira alebin mailako taldera igoko direnak.
Ardura handia beraz..
Bai, estruktura hori guztia nire ardurapean dago. Arlo guztietan, arazoak edo gauza teknikoak baldin badaude.
Azken horiek dira niri gehien gustatzen zaizkidanak, partiden analisiak, jokalari bakoitzaren errendimendua aztertzen da... Izan naizen beste taldeetan, Ostadarren esate baterako, ez dut hori izan. Beti izan da taldearena orokorra eta bertan zerbait oso espezifikoa da. Taldeak funtzionatu behar du, baina jokalari bakoitzak ere bere lana du.
Gure harrobiko lana horretarako da, saiatu behar gara, gure lehen taldearentzat jokalariak prestatzea. Baina hori oso zaila da.
Zergatik diozu zaila dela?
Zaila da lehen taldea bigarren mailan dagoelako eta bertan maila altua delako. Gainera, lehengo urtean, hirugarren maila zegoen taldea kendu zuten.
Bigarren talde horrek jubenil eta lehen taldearen arteko jarraipena egiten laguntzen zuen. Taldeak ekonomikoki gauden egoera kontuan izanik, neurri batzuk hartu behar izan zituen eta hori izan zen horietako bat.
Nire ustez aukera hori nahiko txarra da harrobiarentzako. Baina klubaren etorkizuna horren baitan bazegoen aproposa zela iruditzen zait.
Entrenatzailetik kudeatzailera aldaketa handia izan da...
Bai, egia da. Nik Lasarten nuen aukera oso aproposa zen. Orain mugitu behar naiz eta jende berria da niretzat. Ezagunak oso gutxi dira, eremu horretan zailago delako. Harrera oso ona izan da, jendearekin oso gustura nago. Berriak ezagutu eta ezagutu ditudanak mantentzea da orain nire lana.
Dedikazio osoa da ordu askorekin, baina zerbait gustatzen bazaizu, ez duzu pentsatzen denbora joaten zaizula edo berandu dela zerbait egiteko. Orduak esango banituzke... asko dira. Baina esan bezala zerbait gustuko duzunean ez diozu arazorik ikusten.
Aldagela batean sartu eta partida aurreko sentsazio eta urduritasun hori ez daukat. Faltan bota ba agian nire ondoan dagoen jendeak eskertzen du. Horrekin bizitzea tentsio handia baita. Baina beste aldetik asko jasotzen dut, alde teknikoan dabilen jendearen lana ikustea asko aberasten du. Batek bestea konpentsatzen du.
Bestetik ardura eta eragina dut. Esate baterako, nire erabakien eragina izan daiteke jokalari bat hurrengo denboraldian Eibarren ez egotea eta bere ilusioa kentzea. Errendimenduagatik agian esan behar diot. Edo hurrengo urtera begira Eibarrera ekarri behar diren jokalarien aukeraketa aproposa egitea.
Taldea bigarren mailan izatea, beraiekin harremana izan eta horretatik ere ikasi ahal izatea niretzako oso aberasgarria da.
Entrenatzaile izateari uko egongo al diozu?
Zortzi urtez egon naiz entrenatzaile lanetan asko gustatu zait eta beti esaten dut ez dudala entrenatzaile arlo hori utziko, izan ere futbola begiratzen dudanean entrenatzaile baten begietatik begiratzen dut. Baina orain perspektiba beste bat izan behar da. Orain gehiago da jokalarien errendimendua baloratzea, errendimendu hori nola hobetu eta nola aztertzea,...
Gainera Eibarren ere metodologia ere landu daiteke, nola entrenatu, zer egin, sesioak nola prestatu,... Hor ere eskua sartzeko aukera izango dut. Eta futbolean zure itzala uzteko aukera izatea da hori.
Desberdintasun handiak daude Ostadar eta Eibar taldeen artean...
Puntu askotan, jendean, tresnetan eta azpiegituretan. Ez da hobea edo txarragoa. Lan egiteko gauzak eta aukerak desberdinak dira.
Nik esan dezaket azken urteetan Ostadarrek emandako pausoen parte izan naizela. Ostadarrek duela zortzi ez zuen orain duen talde kopurua, ez duen maila ere. Egin den lana handia izan da, genuen tresna eta azpiegiturei ahal genuen etekin handiena atera genien eta gaurko egoera ikustea zoriontzekoa da. Herriko taldea eta gehien bat etxeko jokalariak osatua. Horri etekina ateratze izanaren emaitza hor dago eta aurrera jarraitzeko aukera du. Klub txikia azpiegitura aldetik baina beno Gipuzkoan txikietan handiena. Ostadarrek izena hartu du eta hori ez da gauza txikia.
Baina Eibarrekin alderatuta beti egongo dira desberdintasunak alde askotan. Esate baterako azpiegitura aldetik, bai ekipamendua, bai ekonomia arloa desberdinak dira. Urte askotan bigarren mailan egon dira eta instalakuntzek aukera asko ematen dute jokalariei eskaini daitezkeen gauzak ere handiagoak dira. Ostadarrek duen gertutasuna desberdina da, Eibar klub handia da eta hemen baino talde gehiago daude. Baina bakoitzak bere eginbeharra du.
Gustura beraz aldaketarekin?
Gustura. Jendeak ongi hartzen ditu proposamenak, lan egiteko aukerak daude, entzun eta erabakiak hartzeko aukerak dauzkazu. Gustuko gauza dut, beraz horrela primeran.