EA-EAJ koalizioak eta Ezker Batua-Berdeak talde politikoek gaur arteko epea daukate PSE-EEk 2006 urterako aurkeztu zuen aurrekontu proposamenari emendakinak egiteko.
Agintean dagoen talde politikoaren proposamena onartzen bada –horretarako nahikoak dira bere zinegotzien botoak– Udalak inoiz izan duen aurrekonturik altuena izango du. Aurreko urtekoarekin alderatuz, igoera nabarmena da, %30ekoa, aurrekontua 30.707.237 eurora iritsiko delarik. Igoera horren arrazoiak inbertsioen kapituluan bilatu behar dira, 13.679.439 euro bideratuko baitira inbertsioetarako, 2005ekoetan baino %44 gehiago.
Ardatz nagusiak
PSE-EEk aurrekontuaren ardatzak finkatu ditu dagoeneko. Besteak beste, zerbitzuen kalitatea hobetzeko ahalegina azpimarratu dute. Kirolerako, kulturarako, hezkuntzarako edo gizarte zerbitzuetarako partidetan igoera garrantzitsuak proposatu dituzte. Aipagarrienetakoa da Udalaren hogeigarren urteurreneko ospakizunetarako bideratu dutena.
Bestalde, azpiegiturak hobetzea, Tokiko Agenda 21, etxebizitza politika edo lanbide politika izango dira aurrekontuko beste ardatz nagusiak.
Edozein aurrekontutan inbertsioen kapituluak zama handia izaten du, eta Udalaren aurrekontua ez da salbuespena. Osasun Zentro berria, 2.453.000 euro; Arranbide auzorako eskailera mekanikoak, 1.800.000; Zumaburu auzoko zaharberritze lanak, 1.800.000; udaletxe berria, 1.217.000 edo Loidi Barreneko Barruko Erreformako Plan Berezia gauzatzeko bideratuko diren 1.194.000 euroak adibide batzuk baino ez dira.
Proposamenak proposamen, aurrekontuak ez dira behin betirako onartuko udalbatzarretik pasa bitartean. Aurtengoak gainera, inoiz baino beranduago onartuko dituzte, normalean urtea amaitzerako aurrekontuak onartuak egoten baitira.•