Gaur arratsaldean hasiko da XVIII. Squash Txapelketa Udal kiroldegian

Txintxarri Aldizkaria 2006ko urtarrilaren 9a

Gaur jokatuko dituzte apirila bitartean luzatuko den edizio berri honetako lehenengo partidak. Dagoeneko ohitura bilakatu den txapelketan ez da aldaketarik izango eta antolatzaileek aurreko edizioetako arauak mantendu dituzte. Hortaz, hiru multzotako bi onenek –sei, beraz– izango dira txapeldunen faserako sailkatuko direnak eta horietako bat izango da txapeldun berria.

Hogeita zortzi partehartzaile –iaz baino bost gutxiago–, berrehun partida inguru eta helburu bakarra, hots, XVIII. Squash Txapelketako finalean nagusitzea. Horretarako aukera soilik finala jokatzen duten bi jokalariek izango dute, ordea, eta horretarako partida asko irabazi beharko dituzte final handian egon nahi dutenek.
Antolatzaileek azken edizioetako egitura mantendu dute eta txapelketa sistemak ez du aldaketa nabarmenik jasango. Hogeita zortzi partehartzaileak hiru multzotan banatu dituzte, bederatziko bi eta hamarreko bat, hain zuzen ere. Multzo bakoitzean guztiek guztien aurka neurtuko dituzte indarrak itzuli bakarrean eta lehen fasearen amaieran multzo bakoitzeko bi onenek Txapeldunen Faserako sailkapena eskuratuko dute. Bigarren fasearen ondoren lehenengo bi sailkatuek finalerako txartela poltsikoratuko dute.
Hirugarren eta laugarrengoak, aldiz, Kontsolazioko finala jokatuko dute.
Gainontzeko hogeita bi jokalariek, kanporaketa sistemaren bidez jokatuko den kontsolazio fasearekin konformatu beharko dute. Antolatzaileek adierazi digutenez, bigarren fasea jokatu ahal izateko lehenengo faseko partida guztiak jokatzea ezinbesteko baldintza da.

Astelehenetik ostiralera
Finalera bitartean norgehiagokak astean zehar jokatuko dira astelehenetik ostiralera. Egunero hiru lehia izango dira jokoan 19:00etan hasita. Partidak hamabost tantotako bost jokotara izango dira, hiru irabazi behar, beraz.
Gogora dezagun joan den urtean Joxe Martin Arregik jantzi zuela txapela finalean Agustin Erkizia mendean hartu ostean. Gaur abian jarriko den txapelketako azken partida jokatu nahiko dute biek, baina arerio gogorrak izango dituzte urtetik urtera maila gehiago duen txapelketan.•