Sasoeta-Zumaburu ikastetxean zaharberritze lanak egingo dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2006ko urtarrilaren 9a

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe Guraso Elkartea eta Lasarte-Oriako Udala akordio batera iritsi dira ikastetxean zaharberritze lanak egiteko. Guraso Elkarteko ordezkariak kezkatuta zeuden Sasoetako eta Zumaburuko eraikinen egoerarekin, eta Udalera jotzea erabaki zuten.
Ikastetxeetako ordezkariek zaharberritze lanak egiteko aurreneko eskaera 2003an egin zuten. Orduz geroztik eskaera gehiago egin zituzten auzia Burunzpe Guraso Elkartearen esku utzi arte. Eta azken horien ahaleginak bere fruituak eman ditu.
Abenduaren 21eko datarekin, Udal arduradunek zenbait konpromiso hartuko dituztela sinatu zuten. Lehentasunak zehaztu dituzte, eta epe laburrean komunak konponduko dituzte, ikasgelak margotuko dituzte, egoera txarrean dauden elementuak aldatuko dituzte, etab.
Epe luzeago batean, beti ere urtea bukatu aurretik, besteak beste, egoera txarrean dauden leihoak aldatuko dituzte, instalazioen mantenua egiten hasiko dira, Sasoetako ikastetxearen eta errepidearen artean baranda jarriko dute. Lan horiek egiteko Udalak laguntza eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari.•