Teilatupe bat gazteok gure iniziatibaz, gure ereduak lantzeko txokoa. Lau pareten babesean herriarentzako plaza berri bat atondu eta betiko lokal eta tabernen alternatiba egokia egun euritsuetarako.
Herrian aspaldidanik gaude gazteok gaztetxearen beharra ezin ase. Horren aurrean gazte koadrila bakoitzak bere bideari ekin dio, lokalak eta tabernak bilakatu dira gazteon ohiko bilgune. Lagun talde bakoitzak bere gunea, beren zirkulua eta beraien giroa, inork inori bere berri eman gabe. Egoera honetara iritsi gara urte askotako hutsune baten ondorioz.
Bi lerrotan egindako azterketa lausoa ez da erabatekoa, baina argi dago gazteak ez garela kalean asko ageri, eta horrek ondorio argia dakar herriko egoerara, Gazte antolakuntza ez da agerikoa, gaur egun gazte kolektibo bakarra ari da lanean, Txorimalo hain zuzen ere, baina bere limitazioekin. Sektore guztietan gertatzen diren borroketan parte hartze eskasia, etab... Tristea da, baina udalak nahiago ditu sofan etzanda edo taberna zuloan telebistari so dauden gazteak, gazte bizi eta alaiak baino. Horregatik da beharrezkoa gazteok gune komun bat izatea, gazte bakoitzak bere parte sentituko duen espazioa, eraikin huts bat baino gehiago izango den biltokia.
Baina horretarako guztiok jarri behar gara lanean, ez digu inork ezer oparituko eta lan horretarako tresnak egon badaude, eta berriak behar badira sortuko ditugu, baina inolako beldur, lotsa, aitzaki eta etsipenik gabe. Amestea lortzen badugu, egi bihurtuko da. Animu.