EA-EAJk ez du PSE-EEren aurrekontu proposamena babestuko

Txintxarri Aldizkaria 2006ko urtarrilaren 13a

EA-EAJ koalizioak ez du PSE-EEk 2006 urterako aurkeztu duen aurrekontu proposamena babestuko. Gaur eguerdian egingo duten Ekonomiako, Ogasuneko eta Ondareko Batzorde Informatiboan osotasunezko emendakina aurkeztuko du, eta horrekin batera hogeita bost emendakin partzial.

Txintxarri
Oposizioak astelehenera arteko epea zuen aurrekontu proposamenari emendakinak aurkezteko, eta EA-EAJk eta EB-Berdeak talde politikoek osotasunezko emendakin bana aurkeztuko dute.
Estitxu Alkorta koalizioko bozeramaileak PSE-EEren aurrekontu proposamena ez dutela babestuko baieztatu digu, eta gaur eguerdiko batzordean osotasunezko emendakina aurkeztuko dutela. Koalizioaren erabakia hiru arrazoitan oinarritu dute.
Lehenengoa, eta garrantzitsuena, Ana Urtxuegiaren talde politikoak hirigintza alorrean hartutako erabakien ondorio da. “Iraganean hartu dituzten erabakiekin ez gatoz bat, eta etorkizun hurbilekoak ere ez ditugu konpartitzen. A-18 Kotxeras guneko garapena ezinbestekoa da guretzat, eta ez da aurreikusten ez aurten eta ez datozen bi urtetan. Bertan babes ofizialeko etxebizitza asko egin behar dira, baina salmenta librekoei ematen zaie lehentasuna”.

Herritarren partehartzea
EA-EAJ koalizioarentzat aurrekontuak egiterakoan herritarren iritzia kontuan hartu beharko litzateke, eta halakorik ez dela egin salatu dute. Hori da, hain zuzen, aurrekontu proposamena atzera botatzeko bigarren arrazoia.
“Eskaera hori askotan aldarrikatu dugu, baina ez dute inoiz aintzat hartu”. Horren harira, herri partaidetza bermatuko duen arautegia “behar-beharrezkoa” dela uste dute koaliziokoek.
Osotasunezko emendakina aurkezteko hirugarren arrazoia gestio txarrari egotzi diote. “Joan den urterako 23 milioi euroko aurrekontua onartu genuen, baina azkenean 34 milioiraino igo zen. Horren arrazoia gobernu talde honek emandako kudeaketa negargarriaren ondorio zuzena izan zen, eta Plan Finantzarioa onartzera behartu gaitu”.

Hogeita bost emendakin
Osotasunezko emendakinarekin batera, koalizioak beste hogeita bost emendakin partzial aurkeztu ditu, eta garrantzitsuenen berri eman digu Estitxu Alkorta koalizioko bozeramaileak.
Horietako batean, Andre-Joakina Eneako Haur Eskola Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren partzuergoan sartzeko urratsak ematea eskatzen dute, “modu horretan 86.612 euro aurreztuko baikenituen”.
Tripontzi Jangelarako, berriz, 12.000 euroko igoera eskatzen dute, “haur guztiek izan dezaten ikastetxeetatik jangelara joateko garraio zerbitzua”.
Beste hiru emendakinetan gazteen kolektiboetarako lokal bat egokitzeko 78.000 euro bideratzea proposatzen dute “bere bizitza asoziatiboaren garapena bermatzeko”.
Era berean, Zabaleta Berrin 300.000 euroko inbertsioa egitea eskatu dute “2007 urterako frontoia egiteko”.
Loidi Barrenen Barruko Erreformako Plan Nagusia gauzatuko dela aprobetxatuz, EA-EAJ koalizioak zonalde horretan komun publikoak egiteko 300.000 euroko partida bideratu nahi du. Bere iritziz, halako eraikin batek “zonalde horretako bizi kalitatea nabarmen hobetuko lukeelako”.•