Eguberrietako Haur Parkea

Txintxarri 2006ko urt. 13a, 01:00
“Eguberrietako Haur Parkean 6.700 bisita zenbatu ditugu, eta zenbaki horiek parkea herritarren artean oso errotuta dagoela adierazten dute”. Hitz horiekin laburbildu zuen Iñaki Mujika alkateordeak Haur Parkearen jarduna.
Kirol-gunean egiten ari diren lanak tarteko, eta inguruko herrietan parke gehiago jarri dituztela kontuan hartuta, Udal ordezkariek oso positiboki baloratu dute kopurua.
Txikienei zuzendutako ludoteka eta tailerrak izan dira haur kopuru gehien jaso dituzten jardunak. Ekitaldiei dagokionez, Sun Magoa ikustera 211 neska-mutil joan zirela, eta haurren dantzaldira 444 joan zirela azpimarratu dute.

Ur festa
EHPren ardatza Michelingo frontoia izan bada ere, kanpoan antolatu dira bestelako jarduerak. Horien artean igerilekuko ur festa izan da arrakastatsuena.
Alkateordeak emandako datuen arabera, abenduaren 27an 88 ume izan ziren igerilekuan, aurreko urtean baino %25 gehiago.
Zenbaki horiek ikusita, datozen Eguberrietan Haur Parkearen jarraipena bermatuta omen dago.•