Julian Sagardia / Tabernaria “Txikiteoa desagertze bidean dagoen ohitura da, gaur egun jendeak nahiago du etxean geratu kalera atera baino”

Txintxarri 2006ko urt. 13a, 01:00
Julian Sagardiak urte asko daramatza Gure Etxea tabernako barraren atzean, eta ederki ezagutzen ditu bezeroen gustuak eta joerak. Kontatu digunez, gero eta gutxiago dira txikiteoan aritzeko ohiturari eusten dioten lagun koadrilak eta bere ustez txikiteroa desagertzeko arriskuan dagoen espeziea da.
Asko al dira gaur egun txikiteoan ibiltzen diren lagun koadrilak?
Gero eta gutxiago. Garai batean herri gehienetan, Lasarte-Oria ez zen salbuespena, oso zabaldua zegoen ohitura hori. Oraindik ere ohitura mantentzen dutenak badiren arren, gero eta gutxiago dira.

Garai batean hedatuagoa zegoen txikiteoa, beraz?
Bai. Lehen asko ziren bazkaldu eta afaldu aurretik basoerdiak hartzen ibiltzen zirenak. Erronda egin eta hamabost edo hogei basoerdi hartu ondoren etxera joaten zirenak asko ziren. Gaur egun ez da halakorik ikusten.

Bezeroen gustuak aldatu dira.
Hara, garai batean txikiteoan ibiltzen zen jende gehienak ardo beltz arrunta edaten zuen. Gaur egun, aldiz, bezero gutxiagok edaten du ardoa, baina edaten dutenek ardo berezia hartzen dute. Ardoaren kultura hedatu egin da, eta jendeak gehiago ulertzen du. Bezeroa ez da edozein ardorekin konformatzen.

Errioxako ardo beltzak nagusi izaten jarraitzen al du?
Lehen besterik ez zen edaten, baina gaur egun ardo gorria beltzarekin parekatu dela esango nuke. Hala ere, txakolinaren kontsumoak gora egin du nabarmen, eta gero eta gehiago dira erronda txakolinarekin egiten dutenak. Gehien eskatzen dute edaria, ordea, garagardoa dela onartu behar da, zalantzarik gabe. Gazteek zuritoak edaten dituzte nagusiki, eta adin tarte batekoek ia ez dute ardorik edaten.

Zergatik dela uste duzu?
Garaiak aldatuz doaz eta bezeroen gustuetan ere eboluzio bat eman da. Hara, duela urte batzuk ardo gorria eskatu beharrean bezeroek beti Cigales eskatzen zuten, besterik ez balego bezala. Gaur egun, aldiz, ia inork ez du Cigales edaten. Ardo zuriarekin ere antzeko zerbait gertatuko da. Gaur egun Rueda eskatzen du jendeak, eta urte batzuk pasata, inork ez du edango. Zikloak izaten dira.

Txikitoak hartzeko ohitura zergatik murriztu dela iruditzen zaizu?
Garai batean jendeak kalerako joera zuen. Lanetik atera eta lagun taldearekin elkartzen zen tabernaz taberna basoerdiak hartuz txikiteoan ibiltzera. Beste garai batzuk ziren. Gaur egun gizartea aldatu egin da eta jendeak nahiago du etxean egon telebista ikusten edo dena delakoa egiten. Zentzu horretan europeizatu egin garela esan daiteke, horrek dakarren guztiarekin.•