Intzak BERRIA Txapelketa jokatuko du estreinakoz

Txintxarri Aldizkaria 2006ko urtarrilaren 13a

Bihar jokatuko dira Berria Txapelketako lehenengo partidak Hernaniko frontoian. Zugarraldeko (Burlata) eta Arkupeko (Gernika) pilotarien arteko kanporaketa izango da. Lasarteoriatarrak otsailaren 4an jokatuko dute lehenengo kanporaketa.

Txintxarri
Hogeita lau talde –, zortzi gipuzkoar, beste horrenbeste nafar, bost bizkaitar eta Arabako, Iparraldeko eta Errioxako bana– lehiatuko dira apirila bitartean luzatuko den BERRIA Txapelketaren hirugarren edizioan.
Lehenengo kanporaketan hamasei taldek hartuko dute parte eta aurreko ekitaldiko zortzi onenak bigarren kanporaketan sartuko dira, zerrenda-buru izendatu dituzte eta. Talde bakoitzak kadete, gazte eta nagusien mailako talde bana aurkeztu beharko du Hernaniko eta Altzako frontoietan jokatuko den txapelketan.
Intzako pilotariek otsailaren 4an neurtuko dituzte indarrak Amezketako Zazpi Iturriren aurka. Kanporaketa Hernaniko frontoian jokatuko da, eta irabazle suertatzen den taldeak Berriotxoaren aurka neurtuko ditu indarrak hilabete beranduago.
BERRIA Txapelketako berezitasunetako bat kanporaketa sistema da. Izan ere, egiten diren tantoak hartzen baitira kontuan, eta ez irabazitako partidak. Beraz, hiru partidetan tanto kopuru gehien egiten duen taldeak irabazten du kanporaketa.

Arerio zaila
Intzak estreinakoz hartuko du parte txapelketan antolatzaileen gonbidapena jaso ondoren. Lasarte-Oriako pilotariek ez zuten zorterik izan zozketan, eta Zazpi Iturri talde indartsuaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Amezketakoak kadete mailan Gipuzkoako bikote txapelduna aurkeztuko dute, eta kategoria horretan zer esan gutxi izango dute herriko pilorariek. Gazte eta nagusien mailan, aldiz, lanak eman nahi dituzte Jose Felix Solanoren mutilek, baina kanporaketa gainditzea oso zaila izango dela onartu du.•