Guztia prest igandean jokatuko den Lasarte-Oriako I. Duatloirako

Txintxarri Aldizkaria 2007ko otsailaren 26a

Iaz mendi duatloia antolatu bazuten, aurten errepideko duatloiari eutsi diote Lasarte Igeri Taldekoek eta iganderako iragarri dute Lasarte-Oriako duatloiaren lehenengo edizioa. Partaideek, 5,2 km. lasterka, 20,3 km. bizikletan eta beste 2,6 km. lasterka bete beharko dituzte antolatzaileek prestatutako ibilbidean.

Sprint deritzon modalitatean, ikuskizun polit batekin gozatzeko aukera izango dute hala nahi duten herritar guztiek datorren igande goizean Lasarte Igeri Taldeak antolatutako probarekin.
Lasterka egin beharreko lehenengo zatiari, goizeko 10:30ean ekingo diote atletek Okendo plazatik. Antolatzaileek adierazi digutenez, erabat laua den ibilbidea prestatu dute herriko kaleetan barrena. Hain zuzen ere, Geltoki kaletik Udaletxerantz abiatuko dira jarraian Ola kalea hartu eta Zumaburutik barrena berriro Kale Nagusira iristeko. Jarraian, Kotxeras aldera joan beharko dute partaideek, industrialdean sartu eta ibai ertzetik Erribera kaleraino handik aurrera Hipodromo Etorbidera ailegatu eta osasun zentroaren aurretik pasa ondoren Okendo plazan amaitzeko.
Bertan egokituko dituzten boxetan zain edukiko dituzte bizikletak. Zapatilak une batez alboratu eta 20, 3 kilometro egin beharko dituzte; Zubieta, Urbil, Errekalde, Galarreta, Hernani, Urnieta, Lasarte-Oria, Urbil eta Okendo plazan amaiera. Lanak amaitzeko, 2,6 kilometro egin beharko dituzte lasterka.

Izenematea, ostirala bitartean
Izena emateko epea ostiralean itxiko dute eta antolatzaileek berrehun partaide hartzeko baliabideak dituztela esan digute. Inskripzioak, www.triatloi.org orrian edo kiroldegian egin ahal izango dira.
Gizonezkoen eta emakumezkoen mailan 150, 90 eta 60 euroko diru sariak eta garaikurrak izango dira lehenengo hiru sailkatuentzat. Horrez gain, jubenil, 23 urte azpiko eta beterano mailetako irabazleek ere garaikurra jasoko dute.