Lutu eguna Juan Mari Larruskainen oroimenez

Txintxarri 2007ko martxoaren 2a

Asteartean ohiz kanpoko eta premiazko bilkura egin zuten Udalean Juan Mari Larruskain EA-EAJ koalizioko zinegotziaren heriotza dela eta. Eguneko gai-zerrendak puntu bakarra izan zuen, hots, udalbatzak proposatutako lutu eguna onartzea eta bere familiari doluminak transmititzea.

Ana Urchuegiak hartu zuen hitza bere osotasunean transkribatzen dugun idatzia irakurtzeko: "Juan Mari lankidearen ustekabeko desagertzea dela eta, hau da zuengana zuzentzeko beharrean nagoen bigarren aldia. Lehena joan den 19an izan zen, oraindik ez dakizkigun arrazoiengatik hilaren 17an desagertu zela jakin nuenean. Denbora batez bere lan jardunean lagun izan zuen itsasoak eraman zuen. Hemen bildu gara gaur itsasoak bere gorpua itzuli digunean, gure uste txarrenak egiaztatuz, hots, bere heriotza. Egoera honetan zuengana zuzentzea oso mingarria zaidala ziurtatzen dizuet. Bere heriotza, espero izanagatik, mingarria baita. Aurkari politikoak izan gaitezke, kontrako pentsakera politikoa izan genezake baina guztiaren gainetik kideak gara herritarrek aukeratutako udalbatzan eta Juan Mari gu guztion kide izatearekin batera, Lasarte-Oriako herritarren ordezkari zen. Guzti horregatik, bere galerak guztiak hunkitu gaitu" adierazi zuen alkatesak.
Ildo beretik, "atsekabe une hauek, aldi berean, maitasun eta elkartasun uneak dira. Hortaz, gure adiskidetasuna adierazi nahi diogu Juan Mariren sendiari, bereziki haren emazte eta seme-alabei. Udalbatzaren izenean, gure elkartasuna eta beharko luketen laguntza guztia eskaintzen diet une zail honetan. Trantze txar hau gainditzeko Juan Mariren izpiritua sostengu izango dutela espero dugu" esan eta "gure afektua eta elkartasuna, baita ere, bere taldeko lankideentzat. Zalantzarik gabe, talde berekoa izatearen hurbiltasunak samina areagotzen du. Horregatik, Udalbatzaren gainontzeko kideok zuekin gaudela adierazi nahi dizuegu" jarraitu zuen.

Minutu bateko isilunea
Idatziaren azken zatia irakurri aurretik, Urchuegiak aretoan ziren guztiengana zuzendu eta zutik jartzeko eskatuaz, minutu bateko isilunea proposatu zuen "bere oroimenean omenaldi xume gisa".
Bestalde, "Lehenik eta behin, Juan Mari Larruskain Erauskin kidearen heriotzaren aurrean gure samin adierazi nahi dugu. Bigarrenik, bere sendiari eta bereziki Pilar emazteari nahiz Jon, Saioa eta Oihane seme-alabei dolumina transmititzearekin batera, gure elkartasuna eta egiazko afektua adierazi nahi diegu. Hirugarrenik, taldekideei gure elkartasuna eta afektua agertu. Laugarrenik, bere hileta elizkizunekin bat eginik, lutu eguna deklaratu" esan zuen. Hain zuzen ere, atzo Lasarte-Oriako bandera haga-erdian jarri zuten krespoi beltz batekin dolu-seinale moduan.•