Aldarrikapen-eguna

Txintxarri 2007ko martxoaren 8a

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunean hainbat ekitaldi antolatu dituzte data seinalatua ospatzeko. Ospakizunekin batera, emakumeen eskubideak aldarrikatu dituztenak ere izan dira. LAB sindikatuak deituta, eguerdiko 12:00etan manifestaldia abiatu da Udaletxe aurretik eta herriko kaleak zeharkatu ditu “Emakumeok hitza hartu gure izenean inork erabaki ez dezan” lelopean. Manifestaldian parte hartu dutenen artean, Rafa Diez idazkari nagusia eta Maixabel Gaztañaga emakume arloko arduraduna izan dira.
Munduko beste leku askotan egin bezala, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna, eskubide eta aukera berdinak eta emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko errespetua eta aitortzan oinarritutako pentsamolde eta jokabideak sustatzearen alde manifestatu dira gaur hirurogei inguru pertsona.
Aldarrikapen horiekin batera, Haur Eskolako langileen egoera salatu dute.