Udalak lurrazpiko hogei eta zortzi kontainer berri jarriko ditu

Txintxarri 2007ko martxoaren 9a

Zerbitzuetako Komisioak 2007 urterako lurrazpiko zabor-biltegien egitasmo berria onetsi zuen astelehenean eta hondakinak biltzeko lurrazpiko hogei eta zortzi kontainer berri jarriko ditu sei hilabeteren epean. Kontainerrek 3.200 litroko edukiera izango dute eta orain arte jarritakoen antzera, sistema hidraulikoa. Proiektuaren aurrekontua 650.000 eurokoa da.
Zehatz-mehatz, bina kontainer jarriko dituzte Loidi Kalean, Nagusia 63an, San Frantzisko kalearen 5 eta 18 zenbakitan, Arranbide 4 eta 14an, Txartel 13an, Zirkuitu 9an, Basaundin, Tribunan eta Iturrigoxon bana, Zelaialde 10ean, Etxe Luze 5ean eta Antxisu Bailara 6an.

Gaikako bilketa
Bestalde, hondakinen bilketa gaika egiteko lurrazpiko kontainerrak jartzen hasiko da Udala. Hain zuzen ere, Basaundi Bailaran eta Kale Nagusiko 63an jarriko dituzte. Gune bakoitzean bosna kontainer jarriko dituzte; bi banatu gabeko hondakinentzat, bat paperarentzat, beste bat ontzientzat eta bosgarren bat beirarentzat.
Lehendik jarritakoekin eta orain jarriko dituzten berriekin, Udalak Z guneak kendu nahi ditu eta “lasarteoriatarren % 70arengana iritsi, hondakinak biltzeko sistema modernoago eta garbiago honekin”.