Babes ofizialeko etxebizitzen esleipenarekin “PSE egiten ari den elektoralismoa” salatu du EAJk

Txintxarri 2007ko martxoaren 14a

Lasarte-Oriako Babes Ofizialeko Etxebizitzen esleipenaren inguruan Ana Urchuegia alkatea “antolatzen ari den kanpaina elektorala” salatu eta zenbait argibide eman nahi izan ditu EAJ alderdiak.

Horren harira, “Udaletxe honek, promozio bakoitzean eraikitzen diren BOEn %10-aren adjudikazio sistema aukeratzeko eskubidea badu ere, ezin du inongo tramiterik hasi esleipena erregulatzen dituen arauak onesten ez diren bitartean” adierazi dute.
Ildo beretik, “Lasarte-Oriako herritar asko izena ematen ari da babes ofizialeko etxebizitza baten jabe izateko hautagaien zerrenda batetan sartzeko asmoz. Herritar hauei jakinarazi nahi diegu zerrenda horrek ez duela ezertarako balio eta halako zerrenda bat egitearen arrazoia hemendik bi hilabetetara ospatuko diren hauteskundeak direla” jarraitu dute.
Gainera, Ana Urchuegia Etxebiden izena emana duten herritarrak bere bulegoan hartzeari buruz euren iritzia adierazi nahi izan dute. “zabaltzen ari den informazioa publikoki eta modu garden batean eman beharko luke alkatesak eta horretarako inork ez luke zertan alkate baten bulegotik pasa behar hauteskunde batzuen bezperan”.
Amaitze aldera, deialdi publiko bat egiten ez den bitartean eta esleipen sistema bat onesten ez den bitartean Lasarte-Oriako babes ofizialeko etxebizitza baten jabe izateko edozein hautagai zerrenda egitea zentzugabea dela adieraztearekin batera, aipatu tramiteei oraindik ez zaiela ekin gogorarazi eta “EAJ alderdiak Lasarte-Orian egiten diren BOE guztien esleipena Etxebideren bitartez egin daitezen defendatuko du” azpimarratu dute, beti ere, “lasarteoriatarrei lehentasuna emango dieten hainbat baldintza aldez aurretik ezarrita”.