“Soilik hauteskunde garaian agertzea” dela elektoralismoa erantzun dio PSE-EEk EAJri

Txintxarri 2007ko martxoaren 14a

EAJ alderdiak egindako salaketek PSE-EE alderdiaren erantzuna izan dute. Alderdi sozialistak igorritako komunikatuan “susmagarria da EAJren jarrera. Alkateak informazioa ez ematea kritikatzen dute eta ematen duenean kanpaina elektorala egiten duela salatzen dute” adieraztearekin batera, “gure lana ez da kanpaina egitea, gure eginbeharrak bete eta hiritargoa aintzat hartzeaz gain arduradun publikoak garen heinean informazioa zabaltzeko dugun betebeharrarekin betetzea baizik. Soilik hauteskunde garaian azaltzen direnek elektoralismo salaketak egitea deigarria da” esan dute.
Euren esanetan, Alkatesak ehundaka lasarteoriatar hartzen ditu etengabe, “informazio bila doazenak batzuk eta irtenbide bila beste batzuk. Urte gutxitan gure udalerrian eraikiko diren babes ofizialeko 978 etxebizitza, adibidez”.
Iskanbila sortu duen etxebizitzen esleipenari dagokionez, Lasarte-Orian egingo diren etxebizitzak “lasarteoriatarrentzat izatea nahi dugu eta ez kanpotarrentzat, EAJk nahi duen moduan zozketaren bidez esleituko bagenitu gerta zitekeena” argitu nahi izan dute eta galdera bota dio: “zer interes du EAJk Lasarte-Oriako herritarrei lehentasuna emango dien aukera gaitzesteko? Ezin ulertu genezake”.
Esleipen prozesuari buruz, “publikoa, argia eta gardena izango da, legezkoa” zehaztu dute. Udala inolako BOEn hautagai zerrenda egiten ari dela ukatu dute, “orain ezin baita eta posible denean beharrezko informazioa zabalduko da. Hori horrela da eta aurkakoa dionak froga dezala. Bitartean, EAJren beste gezur bat besteri ez da izango”.
Amaitzeko, “oso larritzat” jo dute “EAJ alderdiak lasarteoriatarrei informazioa ukatu nahi izatea eta nor informatu daitekeen erabaki nahi izatea”. Zentzu horretan, “alkatetza hau beti egon da zabalik herritarrentzat eta etorkizunean ere horrela jarraituko du. EAJren gestio eredua hori bada, euren arazoa da baina hori ez da gure eredua eta ez diguzue inposatuko” erantzun dute.