Kontu Publikoen Euskal Auzitegiak Lasarte-Oriako Udalaren jarduera ekonomiko-finantzarioa aztertu eta 2004 urteko ekitaldiaren fiskalizazio txosten bat egin du. Bertan zehazten denez, zenbait kontratu esleitzerakoan Udalak zenbait irregulartasun egin zituen lanpostuen berri eman eta lehiaketara ateratzeari dagokionez. Aipatu txostenean, halere, kasu zehatz batzutan ezik Udalak legea bete duela adierazten da.
Salbuespenetako bat, lorategi eta parketarako landareen hornitzailearen kontratazioa da. Beti ere txostena informazio iturri hartuta, udal agintariek 110.000 euro batzen duten “kontratu txikiak” esleitu zituen.
Horrez gain, Manuel Lekuona Kultur Etxean aire egokitua jartzeko lanak 34.000 eurotan esleitu zirela “publizitaterik gabe negoziatutako prozeduraren bitartez, horrela ez zegokionean” adierazten da.
Zaharren Erresidentziako zerbitzuaren esleipena “legeak ezarritako prozedura jarraitu gabe” egin zela ere zehazten da kontuen auzitegiaren txostenean.
Txostenarekin jarraituz, “idazkariaren nahiz Udaleko kontu-hartzailearen informeen gabezia agerian geratzen da hirigintzako hitzarmenak erregulatzen dituzten bi txostenetan” eta “espedienteetako batean, jasotako ondareen balorazio txostenaren konstataziorik ez dago”.
Langilegoaren atalean, zenbait hautaketa “publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatu gabe” egin zirela aipatzen da.
Hala eta guztiz ere, azkenik, udalaren diru kontuak udalerriaren aktibitatearekin bat datozela azpimarratzen da fiskalizazio txostenean.
PSE-EEren iritzia
Arestian aipatu guztiari erantzunez, Iñaki Mujikak “ez dutela ezer ezkutatzeko” adierazi du. Kontu Publikoen Euskal Auzitegiak aditzera emandako txostenak “kontratu txiki batzuk eta langile batzuen hautaketa salbu, Lasarte-Oriako Udalaren gestio ekonomiko-finantzarioa ontzat” ematen duela azpimarratu du. Zentzu horretan, “gu oso gustura gaude txostenaren ondorioekin. Argitu beharreko lehendabiziko gauza auditoria hau ez ohikoa dela, espreski EAJ alderdiak Gipuzkoako Batzar Nagusian eskatua. Gu oso lasai geunden ez dugulako ezer ezkutatzekorik eta hori frogatzen du txostenak” adierazi du.
Ildo beretik, “ez dute legez kanpoko ezer aurkitu, irregulartasun batzuk baizik. Hori normala da halako txostenetan eta zazpi hilabete kontuak ikertzen ibili ondoren ontzat eman dituzte kontuak. Gestioan eman diren akats txiki batzuk zuzentzeko aholkuak besterik ez dizkigute igorri eta legez kanpo aritu izan bagina epaitegietan salatuko lukete. Zuzendu beharrekoetan zuzenketak egiten ari gara dagoeneko” jarraitu du.
Amaitze aldera, “ehundaka espediente aztertu dituzten arren irregulartasun gutxi batzuk besterik ez dituzte topatu baina Udalaren kontuetan legaltasun ezaren zantzurik ez dute aurkitu eta gustura gaude. EAJ alderdiak Lasarte-Oriako Udalean diru kontuak ez zeudela argi saldu nahi izan du eta gaizki atera zaio, Kontu Publikoen Euskal Auzitegiaren txostenaren ondoren Udalaren gestioa indartua atera baita” adierazi du.