“Korrika 15ek Euskal Herria iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera zeharkatuko du hamabi egunetan eta martxoaren 24an egingo digu lasarteoriarroi bisita”. Horrela hasi zen atzoko gala, aurtengo korrika aurkezteko. Euskararen aldeko lasterketa erraldoia da Korrika eta aurten Karrantzatik martxoaren 22an abiatu eta Iruñara apirilaren 2an iritsiko da; guztira, 2.150 km euskararen alde.
Lasarte-Oriako AEK euskaltegiaren jatorria eta nondik norakoak ere gogoratu zituzten atzokoan: “70eko hamarkadan gau-eskola osatu zuten gaur AEK moduan ezagutzen duguna. Egungo Landaberri BHIn izan zuen lehen egoitza, eta Geltoki kalera salto egin aurretik Eskola Berrietan ere asko izan ziren euskaraz bizitzeko lehen pausuak bertan eman zituzten ikasleak”.
Ondoren Unai Iturriaga bertsolariak Korrika 15erako zuzendutako Ni, Zu eta Bera bideoaren zati bat ikusi ahal izan zuten bertan zeudenak.
Heldu lekukoari
Aurtengo Korrikaren leloa Heldu da eta AEKko arduradunek leloaren zergatia azaldu dute, “Euskara da gure nortasun agiria, euskara da munduari hemen herri bat dagoela adierazteko oinarria, heldu herriari. Urtetako menderakuntza, jazartze eta zigorren ondorioz baztertua izan den euskarak bere esparrua berreskura dezan, heldu hitzari. Lagun askoren konpromisoa eta elkarlanean aritzeko borondatea izan ziren euskarak oztopo guztien aurka gaur egun arte bizirik jarraitzeko euskarria, heldu elkarlanari. Iraganeko kemenak emaitzarik eman duen arren, oraindik egiteko asko daukagulako eta orduko lanaren fruitua jaso dugunoi dagokigulako orain lekukoa hartzea, heldu lekukoari”.
Jarraian, AEKko ikasleek moda desfilea egin zuten. Korrika 15eko jantziak izan ziren ikusgai eta gogoratu nahi izan zuten arropa hauek AEK bertan salgai daudela eta 24ean, oraindik zerbait geratuz gero, Okendo plazan erosteko aukera izango dela.
Desfilea bukatu bezain laster, Korrikako bideoren bigarren zatia eskaini zuten.
Omenaldia eta musika
Korrikak beti izaten du omendurik eta aurten euskal emakumea omendu nahi izan du. “Euskararekiko izan duten indarra, adorea eta balioa saritu nahi dira, euskal kultura eta euskara belaunaldiz belaunaldi gorde eta transmititzeko gai izan baitira emakumeak”. Arrozoi hauek direla medio, Bixenta Jauregi omendu zuten. Bixentak Bixente Iparragirre arotzak egindako lekukoa jaso zuen.
Korrika 15ak bideoaz gain, badu soinu banda ere. Aurten banda bikoitza gainera. Batetik 15.edizioko kantua Niko Etxart eta Hapa Haparen eskutik; bestetik, korrika txikiari musika Pirritx eta Porrotx pailazoek jarri diote. Niko Etxartekin batera, besteak beste Betagarri taldeko Iñaki, Arima Beltza taldean ibilitako Gurru, El Drogas edo Zuberoako “Amaren Alabak” taldeko hiru partaideak aritu dira korrikako abestia lantzen. Pirritx eta Porrotxek prestaturiko Korrika Txikiko doinuaren klipa ikusgai izan zen. Kliparen irudiak Edu Galardi eta Isa Fernandez de Agirre herritarrek Lasarte-Orian bertan grabatu dituzte. Amaitze aldera, Pirritx eta Porrotx pailazoek esketx bat eskaini zuten.•