Asteazkenean, hilak 21, Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeko kidea den Lasarte-Oria Bizirikek mozioa aurkeztuko du Udalbatzan. Mozioak urtarrilaren 30ean Donostiako Udalean PSE-EEk, EAJk eta EAk izandako jokabidea gaitzetsi, “hitzarmena premiaz bideratu baitzuten eta ez zieten ezer esan ez hiritarrei ez errausketaren aurkako plataformei” eta Zubietan errauskailua jartzeko asmoz sinatutako hitzarmena salatzea du helburu.
Plataformako kideen esanetan, “PSE-EEk, EAJk eta EAk errausketa inposatu dute Zubietan, eta ez dute inondik inora gipuzkoar gehienen iritzia kontuan hartu, behin baino gehiagotan sistema hori bete-betean gaitzetsi badute ere”.
Ildo beretik, “2005. urtean, errausketaren aurkako plataformek errausketa ez beste aukera batzuk proposatu zituzten hiri-hondakin solidoak kudeatzeko. Erakunde eskudunek, ordea, ez zituzten aztertu, eta errausketaren aldeko apustuari eutsi zioten” jarraitu dute plataformako ordezkariek.
Lau eskaera
Esandako guztiarengatik, Lasarte-Oria Bizirik plataformak lau puntuk osatzen duten akordioa hartzea proposatuko du asteazkeneko Udalbatzan. Batetik, Lasarte-Oriako Udalak errauskailua Zubietan jartzea gaitzestea eta “eskura dituen baliabide guztiak erabiliaz eta herritarrak informatuaz errauskailua eragozteko konpromezua berrestea”.
Bigarrenik, errausketa sistema bera gaitzestea “ondorio kutsagarriak eragiten dituelako osasunean zein ingurumenean”.
Hirugarrenik, “errausketaren aurkako plataformek hiri-hondakin solidoen kudeaketarako proposatutako aukerak aintzat hartzea eta aztertzea eskatu diezaiola foru Aldundiari nahiz Mankomunitateei” proposatuko diote Udalari.
Azkenik, Lasarte-Oriako Udalak “errausketari buruzko erreferendum bat egiteko konpromezua hartzea sistema honi buruz herritarrek duten iritzia ezagutzeko” eskatuko du errauskailuaren aurkako plataformak.•