Gaur bete dira sei urte ETAk Froilan Elespe erail zuela eta urtemuga gogoratzeko haren senideek eta lagunek nahiz PSE-EE alderdiko buruek lore eskaintza egin diote Illarraltzueta hilerrian. Besteren artean, bertan izan dira Froilan zenaren Tomasi emaztearekin eta Andoni eta Josu semeekin batera, Ana Urchuegia, Iñaki Mujika, Martin Moreno, Jose Mari Urdanpilleta, Patxi Lopez, Jesus Egiguren, Manuel Huertas eta Miguel Buen.
Azken honek elkartasun hitzak izan ditu senideentzat eta Froilanen “herrikoi izaera” gogora ekartzearekin batera, “ideia aurrerakoiak zituen gizona zen, beti herritarren zerbitzura zegoena baina ETAk, bere zoramenean, erail egin zuen euskal gizartea beldurtzeko asmoarekin” adierazi du. Ildo beretik, “inoren xantaiarik onartu gabe, bakearen eta askatasunaren alde lanean jarraituko dugu, datorren urtean hona berriro itzultzen garenerako helburu horiek lortuta izango ditugun esperantzarekin” jarraitu du.
Ekitaldia amaitzeko, La Internacional abestu dute bertan bildurikoek.