ika, ika, ika, hemen dator Korrika. Iragarritakoa baina apur bat beranduago izan bazen ere, Korrika 15 larunbat iluntzean iritsi zen Lasarte-Oriara. Arratsaldeko 20:00ak pasatxo ziren Donostia Etorbidetik gure udalerrian sartu zenean. Ordurako, kale bazterrak jendez beterik ziren euskararen testigua noiz iritsiko zain. Herriko txoko gehienetatik pasa zen lasterketa eta zortzi kilometroko ibilbidea egin ostean bere bidea jarraitu zuen Zubietan barrena.
Hamasei talderen ordezkariek eraman zuten testigua eskuetan baina ehundaka izan ziren kalera atera eta heldu euskarari aldarrikatu zuten lasarteoriatarrak.
Baina hori iluntze partean izan bazen, egun osoan hainbat ekitaldi gauzatu ziren Okendo plazan. Goiztiarrenak txikienak izan ziren eta eguerdi partean tailerrak eta eskulanak egiten ederki disfrutatu zuten Ttakuneko begiraleekin. Jarraian, Txorimalok antolatutako herri kiroletan barrea izan zen nagusi.
Bazkaltzera ehun pertsona inguru elkartu zen Okendon eta bazkalostean erromeria izan zen Jon Lasa eta Amalur Trikitilari Eskolaren eskutik.
Baina hori Korrika 15aren testigua iritsi aurretik izan bazen, ondoren ere izan zen festa giroa eta parranda goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zutenak. Okendo plazan musika kontzertuak ziren entzungai eta batek baino gehiagok ordularia ordu bete aurreratzea ere ahaztuko zuen. Ziur.