Atzo amaitu zen Danok Kideren Esperientziaren Eskolak martxoa osoan antolatu duen bideo-foruma. Azken saioan pobrezia izan zuten aztergai eta Los lunes al sol (Fernando Leon de Aranoa, 2002) filma ikusi zuten Kultur Etxera hurbildu ziren herritarrek.
Ontziola bat itxi ostean langabezian geratzen den gizon talde baten egoera larria eta etorkizun beltza kontatzen duen filma ikusi ondoren, solasaldia izan zen Gipuzkoako Karitak taldeko kide batek bideratuta.
Bertan, karitaterako eta ekintza sozialerako Gipuzkoako Elizako ordezkariak “behartsuen alde egitea kristau komunitate osoaren erantzukizuna da eta guztioi dagokigu duintasunagatik bederen. Karitasen justizia eta elkartasuna garatzeko lanean dihardugu pobretu eta gizatasuna kentzen duten egiturak gainditzeko ahaleginean” adierazi zuen.
XX. mendeko Lasarte eta Oria prentsan
Bestalde, ostegun arratsaldean Danok Kideko Jose Luis Navarrok Retazos de la vida de Lasarte y Oria del siglo XX a través de la prensa liburua aurkeztuko du Manuel Lekuona Kultur Etxean. Izenburuak adierazten duen moduan, pasa den mendean Lasarteri eta Oriari buruz komunikabide desberdinek argitaratutakoa errepasatuko du.